argia.eus
INPRIMATU
Emaztea hiltzea leporatuta, gizon bat atxilotu dute Baionan
  • Gizona atxilotu egin dute, eta ostegunean pasako da epailearen aurretik. Senperen beste gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 05
Hilketa matxistak gaitzetsiz, 2016an egindako elkarrateratze bat (Argazkia: Ipar Euskal Herriko Hitza)

Hilketa matxista leporatuta, 52 urteko gizonezko bat atxilotu du Frantziako Poliziak. Berriak jakinarazi duenez, atxilotuak poliziari deitu zion larunbatean, emaztea hilik aurkitu zuela abisatzen. 53 urteko emakumearen gorpuak indarkeria zentzuak zituen, ubeldura ugari antzeman zizkioten.

Fiskaltzak emakumeari autopsia egitea eskatu du, heriotzaren arrazoien gainean jakiteko. Gizonezkoa atxilo dago Baionako espetxean, eta ostegunean igaroko da epailearen aurretik. Indarkeria matxista aurrekariak ditu.

Beste atxilotu bat Senperen

Urriaren 17an jazotako sexu eraso baten harira, 47 urteko gizonezko bat atxilotu du Senperen (Lapurdi) Frantziako Poliziak. Atxiloketa iragan astean burutu zen.

Donibane Lohizuneko tren geltokiko pasabidean egin zion eraso gizonak 19 urteko emakumeari. Emakumeak ihes egitea lortu zuen. Poliziak ikerteta abiatu ostean, gizona atzeman eta atxilotu zuten. Honek onartu egin du emakumeari eraso egin izana.

Martxoan epaituko dute gizona, eta ordura arte kontrol judizialpean egongo da, epaileak ezarritako neurriak betetzera derrigortuta.