Azaroaren 15eko data zeraman Marisol Fernández Chica basauriarrak jasotako etxegabetze aginduak. Asteartean, goizeko 10:30ean, kale gorrian geratzeko arriskuan zeuden Fernández eta haren adin txikiko alaba. Batu Elkarlaguntza Sarearekin batera abiatutako borrokaren ondorioz, baina, lortu dute etxegabetzea gelditzea. Data berriaren zain geratu dira.
46 urteko Marisol Fernández Chica basauriarrak azaroaren 15erako zeukan etxegabetze agindua, eta ondorioz kale gorrian geratzeko arriskuan zeuden bera eta 14 urteko alaba, harik eta astelehen arratsaldean etxegabetzea gelditzea lortu duten arte. Batu Elkarlaguntza Sarearekin abiatutako borrokaren bidez lortu dute berehalako kaleratzea etetea, eta data berriaren zain geratu dira.
Bideo batean jaso du bere testigantza Fernándezek. Bikotekide izandakoak eta alabaren aita denak jarritako salaketa baten ondorioz etxebizitzaren usufruktua galdu dute, eta horrek eraman ditu egungo egoerara. Azaldu duenez, bere garaian eta oker aholkatuta, akordu bat sinatu zuen bikotekide ohiarekin, eta akordu hori baliatu du orain gizonak Fernández eta alaba etxetik kanporatzeko. "Nire bizia berregin nuen, hori ez zitzaion gustatu, eta epaitegietara jo zuen"; hortxe arrazoia.
? Marisolen testigantza astearteko bere etxekaleratzearen inguruan
Auzokideen etxebizitzak defendatu ditzagun?
Astelehen eta asteartean, denok Basaurira ??#MarisolBasaurin pic.twitter.com/vnqRSUaMqE
— Batu Elkarlaguntza Sarea (@batuelkar) November 11, 2022
Fernándezen kasuak antzekotasun nabarmenak ditu orain urtebete Batu Elkarlaguntza Sindikatuaren eskutik ezagututako Arrigorriagako Joaquiren kasuarekin. Bien egoerak dira ondarearen bidez gauzatzen den indarkeria matxistaren ondorio, eta indarkeria horren une gorena kontsideratu daitekeen etxegabetzea hezurmamitzen da azaroaren 25eko data seinalatuaren bueltan –Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna–. Joaqui azaroaren 25ean bertan kanporatu zuten etxetik, eta orduko hartan Batuk ondokoa salatu zuen: puntu moreekin berdintasunaren alde agertu ohi diren berberak direla azaroaren 25 batez indarkeria matxista pairatzen duen emakume bat etxe kaleratu zutenak.
Fernándezen kasuak bilakaera bera izan ez zezan, astelehen eguerdian elkarretaratzea egin du Batuk Basauriko gizarte zerbitzuen aurrean. Fernándezek bideoan adierazten duenez, gizarte zerbitzuen esku baitago berarentzat eta alabarentzat aterpe bat eskaintzeko erantzukizuna, etxerik gabe geratuz gero.
Asteartean, etxegabetzea aginduta zegoen egunerako, mobilizazioa deitua zuten Fernándezen etxe aurrean. Etxegabetzea gelditzeko helburuarekin, herritarrei deia egina zieten, goizeko 09:00ak orduko Andaluzia kaleko 26. zenbakira hurbiltzeko. Alabaina, arratsaldean jakinarazi dute mobilizazioa bertan behera gelditu dela, biharko etxegabetzea gelditzea lortu dutelako.