argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat desagerturik da Urruñan eta hilketa matxistagatik ikerketa ireki dute
  • Laure Zacchello azken aldiz ikusi zuten ekainaren 21 goizean. Fiskaltzak astelehenean senarrari behin-behineko espetxealdia ezarri zion eta haren parte-hartzea froga dezaketen “zantzu serio eta sendoak” daudela informatu du Sud Ouest egunkariak. Jendarmeriak laguntza eskatu du emakumea aurkitzeko. Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du ostiralean 18:30ean Urruñan.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 27a
Donibane Lohizunen elkarretaratzea egin zuten hilketa matxista salatzeko.

Laure Zacchello 43 urteko emakume urruñarra ekainaren 21eko goizean ikusi zuten azken aldiz eta Jendarmeriak lekukoen laguntza eskatu du aurkitzeko. Fiskaltzak ikerketa abiatu du hilketagatik eta senarra behin-behinean atxilotu du. Sud Ouest egunkariak jaso duenez, asteburuan gizonari galdeketa egin zioten eta honen inplikazioa ekar dezaketen “zantzu serioak eta sendoak” daudela esan dute. Beste hipotesiak ez dira baztertzen.

Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek sare sozialetan adierazi du ostegunean prentsaurrekoa emango duela Baionako Auzitegi Judizialean eta Frantziako Poliziak Zacchelo bilatzeko eginiko kartela zabaldu du.

Emakumeak 43 urte ditu, 1,65 metroko garaiera, gorpuzkera mehea, begi marroiak eta ile erdi luze beltza. Frantziako Polizia informazioa biltzen ari da kartel horretan agertzen den Suzuki Samuraï markako 4x4 ibilgailuaz. Kolore gorri bizikoa da, marra urdinak ditu alboetan eta GC-494-PR matrikula du.

Elkarretaratzea deitu dute ostiralerako

Ostiralean, ekainaren 28an, elkarretaratzea deitu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak Urruñan, arratsaldeko 18:30etan.

Feminizidioa baieztatzen bada, urteko bigarrena izango da Euskal Herrian, baita Lapurdin bertan ere, Berriak egiten duen hilketa matxisten mapan baiezta daitekeenez. Apirilean Donibane Lohizunen gizon batek bikotekidea hil zuen "modu basatian", Jerome Bourrier prokuradoreak definitu zuenez.