argia.eus
INPRIMATU
Emakume baserritarren lana aitortzeko topaketa egingo dute Iruñean
  • Urriaren 15ean ospatzen den Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, AFAMMER elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko topaketa antolatu du urriaren 17an Iruñeko Planetarioan.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 13a

AFAMMER Landa Inguruneko Familien eta Emakumeen Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten. Urteurrena dela eta, urriaren 17rako topaketa bat antolatu du Iruñeko Planetarioan. Bide batez, urriaren 15ean den Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna ere ospatuko dute. 10:30etatik aurrera, besteak beste sari banaketa, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte. Ekitaldiaren helburua emakume baserritarrek landa-garapenean duten zeregina aitortzea da. Horren harira, urte hauetan emandako pausoen eta helburuen inguruan hausnartuko du elkarteak.

Elkartekideen hitzetan, “aurrerapen batzuk” egin dira: “Landa-eremuko emakumeen prestakuntza inoizko onena da”. Bestalde, azpimarratu dute emakume horiek “genero estereotipoak apurtzen” ari dituztela, “tradizioz genero maskulinoarekin lotutako postuetan egon ohi diren lanetan aritzen direlako”.

Hala ere, kideek nabarmendu dute aurrerapen horiek “ez direla nahikoak” benetako aukera-berdintasuna lortzeko. Emakumeak landa-eremuak mantentzeko “funtsezkoak” direla adierazi dute: “Haiek dira lurraldeak zaintzen dituztenak eta elikagaien segurtasuna bermatzen dutenak”.

Hau dela eta, AFAMMER elkarteak hainbat eskaera egin ditu emakume baserritarren egunean; itun orokor bat aldarrikatu dute landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko “desberdintasunekin” amaitzeko: “Emakumeen aukerarik ezarekin hautsi nahi dugu, Espainian landatik hirira joaten diren hiru pertsonatik bi emakumeak dira”. Bestalde, landa-eremuan emakumeen enplegu-sorrera eta ekintzailetza “sustatzen jarraitzea” eskatu dute, elkartearen esanetan, Espainia baita landako emakumeen langabezia-tasa altuena duen Europako bigarren herrialdea.

Genero-indarkeria, erdigunean

Azpimarratu dute ere udalerri txikietan “genero-indarkeriaren inguruko isiltasunarekin amaitzea” behar dutela: “Datuek erakusten dute tratu txarrak salatzen dituzten emakumeen kopuruak behera egiten duela bizi diren udalerriaren tamainaren arabera: % 83,3 10.000 biztanletik gorako udalerrietan bizi diren emakumeetan; % 78,5 10.000 eta 2.001 biztanle bitarteko udalerrietan; 2.000 biztanletik beherako udalerrietan, berriz, biktimen % 66,9k baino ez dute salatzen”.