argia.eus
INPRIMATU
Emakume Baserritarren Azoka Gardena egingo du EHNEk larunbatean Donostian
  • Euskal Herri osoko 20 salmenta postu egongo dira eta elikagaiak prestatzeko tailerrak ere bai. EHNEko kide Maider Aramendik azaldu du ekintzaren asmoa eta Eusko Jaurlaritzak urriaren 15ean aurkeztuko duen Emakume Baserritarren Estatutuaren auzia.

Info 7 irratia @@info7irratia 2015eko irailaren 25a

Info 7 Irratian, Kale Gorrian saioan (irailaren 24an), Jon Mikel Fernandezek Maider Aramendiri (EHNE) egingiko elkarrizketa (entzuteko, hemen):

Zer helbururekin antolatu duzue larunbat honetarako azoka?

Azken urteetan desio bat izan dugu EHNEko emakumeok: gure figura den bezala gizarteratzea. Ez itxura bakarrik, baita egiten dugun lana ere. Sektoreko langile izaki, nola ekoizten dugun, nola saltzen dugun, gizarteratu nahi dugu. Asko hitz egiten da sektoreaz, asko hitz egiten da elikaduraz, eta jakintza ez da behar adinakoa. Ekoizten duguna nola eta zergatik ekoizten dugun modu horretan,  guk geuk, protagonista zuzenek adierazi nahi dugu.

Zein egitarau prestatu duzue?

Euskal Herri osoko emakume ekoizleen 20 salmenta postu egongo dira. Baina ez da salmenta leku hutsa izango. Horrez gain, tailer eta ikus-entzunezkoen bidez ekoizpen horiek nola egiten diren aurkeztuko dugu larunbatean. Gardenki azaldu nahi dugu prozesu osoa, hazia lortzeko modutik, erein, zaindu, jaso eta mahaira nola ekartzen den. Eta mahairatzeko nola bihurtu daitekeen jasotako ekoizpen hori elikagai osasuntsu. Kiosko aldean sei tailer postu egongo dira eta tailerretan konpota egitea, sendabelarrekin kremak egitea, argizariarekin xaboiak eta kandelak egitea, mamia egitea, artilearekin gauzak egitea... landuko dugu. Dena kokatzen dugu elikadura burujabetzaren barruan.

Komunikazio postu bat ere egongo da: Emakumeen Mundu Martxa abian da (Euskal Herrian irailaren 27an sartuko da, urriak 4 bitartean). Ekitaldi  hau baliatu nahi dugu bat egiteko Emakumeen Mundu Martxarekin.

Emakume baserritarren irudia agerrarazi nahi duzue... ezkutuan egon delako orain arte?

Ezkutatua baino, erabilia izan delako. Emakume Baserritarren Estatutu famatu hori ez da berria. Azken 7-8 urteetatik hona datorren proposamen bat da. Emakume baserritarron sektoreak aspaldidanik egin dugun aldarrikapen bat da. Lanean aritu gara Eusko Jaurlaritzako batzordearekin, egikaritu nahian estatutu duin bat, langile estatutu bat. Eusko Jaurlaritzan zeuden alderdi politikoak aldatzen joan dira, eta interes politiko eta propagandistikoen menpe, ez da egikaritu benetako lege txukunik. Interes politiko eta propagandistiko handia du, eta horregatik esaten dugu emakume baserritarron irudia erabilia izaten ari dela. Eta Emakume Baserritarren Estatutu hori hutsala dela. Ez ditu zerrendatzen emakume baserritarrak benetan izan behar dituen eskubideak, eta ez ditu hauek betearazten edo kontrako egoerak zigortzen. Triste gaude, 7-8 urtetako lana ezerezean geratzeko arriskua dugulako. Eta aurkezten digute estatutu zoragarri bat bailitzan. Ezertara behartzen ez duen estatutu batean geratuko da guztia. Sektorea soilik behartzen du, baina ez administrazioak eta ez erakundeek ez dute eurengan hartzen inolako lantegirik: ez informatzekoa, ez ahalbideratzekoa, ez neurri positiborik... Azoka Gardenarekin hori guztia ere salatu nahi dugu eta gizarteari adierazi irekita gaudela benetan duina den langile estatutu bat lantzeko.

Zertan da Emakume Baserritarren Estatutua? Onartzear?

Duela pare bat urte, urriak 15a izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak Emakume Baserritarren Eguna. Eta hori ez da gure eguna, gure eguna Martxoak 8 da. Urriak 15ean egin nahi dute publiko estatutu hau, gobernuko ekitaldi arranditsu horietako batean txertatuta. Aitzindaria litzatekeen lege gisa aurkeztuko dute. Hori da astearte honetan jakin berri duguna. Triste gaude, gurea ez den egun batean halako aukera alferrik galduko delako.