Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi dituztelako arraunean elikadura nahasmenduak izateko arriskuak gutxitzeko prebentzio gisa.
2021ean Deustuko Unibertsitateko diziplina anitzeko ikertzaile talde batek hasi zuen azterlana, Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Galiziako federazio eta kluben laguntzarekin. 208 emakumezko arraunlarirekin egindako ikerketaren emaitzak jendarteratu nahi dituzte orain, eta arraunean dagoen argaltzeko presioak eragin ditzakeen arriskuez ohartarazi.
Ondorioztatu dutenez, elikadura nahasmenduak izateko arriskuak izan ditzakete arraunlari emakumeek, normalizatuta dauden dinamika batzuen eraginez, besteak beste. “Lortutako emaitzak oso garrantzitsuak direla uste dugu, eta difusioa hurbiltasunez eta zuhurtziaz egitea bermatu nahi dugu”, zehaztu dute gonbidapenean.
Informazio saioa azaroaren 7an izango da, Donostiako Deustuko campuseko Foro Aretoan, 19:00etatik 20:00etara. Online konektatzeko aukera ere egongo da. Bertaratuko direnek izena eman behar dute lotura honetan.
Ikerketaren ondorioak luze eta zabal xehatu ditugu aste honetako ARGIAko astekarian. Asteazkenean argia.eus-en egongo da irakurgai Leire Artolaren erreportajea, Beñat Larrinaga, Ane Arbillaga eta Erika Borrajo ikerketako egileen azalpenak biltzen dituena.