argia.eus
INPRIMATU
Emakume afganiarrak arriskuan, Pakistango Gobernuaren deportazio aginduaren ondorioz
  • Pakistango Gobernuak azaroaren 1a baino lehen alde egiteko agindu zien agiririk gabeko asilo eskatzaile afganiarrei. Amnesty International erakundearen arabera, Pakistanen 1,4 milioi errefuxiatu daude. Gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du Afganistanera itzuliko liratekeen askok jazarpena, errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasateko arrisku handia dutela, batez ere emakumeek eta neskek.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 03a
Ihesean doazen afganiarrak, Pakistango Gobernuak deportatzeko agindua eman ondoren.

Pakistango Gobernuak mehatxu egin du afganiar errefuxiatuak deportatu eta atxilotu egingo dituela, baldin eta emandako agindua betetzen ez badute. Dagoeneko, Pakistango Gobernua, hasi da atxiloketak egiten.

Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 1,3 milioi afganiar daude erregistratuta errefuxiatu moduan. Beste 880.000 afganiarrek Pakistanen egoteko legezko estatusa dute. Guztira, bi milioitik gora afganiar agiririk gabe bizi dira Pakistanen. Horietatik 600.000 Afganistanen talibanek agintea hartu ondoren Pakistanera ihes egindakoak dira. Izan ere, NBEak emandako datu orokorrak ez dira talibanek agintea hartu ondorengo datuak, hamarkadatako gerraren ondorioz izan diren desplazamenduen ondoriozko kopuruak baizik.

Emakumeak eta neskak arrisku bizian

Amnesty International-ek Pakistango Gobernuari eskatu dio segituan ezeztatzeko errefuxiatuak deportatzeko erabakia. Gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du Pakistanek “nazioarteko betebehar juridikoak bete behar dituela, horien artean ez-itzultzearen printzipioa errespetatzea. Era berean, herrialdean afganiarrek pairatzen duten errepresioa eta jazarpena etetea eskatu du. Nazioarteko komunitateari eskatu dio Pakistani ekonomikoki laguntzeko, afganiar errefuxiatuei harrera egin ahal izateko eta Afganistanetik ihes egin dutenei babesa emateko.

Erakunde berak emakumeen eta nesken egoera azpimarratu du. Pakistanetik egoztearen ondorioz, Afganistanera itzultzen badira, haien sexu eta generoagatik jazarpena eta giza eskubideen urraketa larriak jasateko arriskua izango dute. Pakistanen bizi eta ikastea hezkuntza formal bat izateko aukera bakarra da ihes egin duten emakume eta neska gehienentzat. Erakundeak gogorarazi du kazetariak, giza eskubideen defendatzaileak, emakume ekintzaileak, artistak eta aurreko gobernuan karguak zituztenak arriskuan daudela eta talibanen eskuetan jazarpena eta errepresioa jasan dezaketela.