argia.eus
INPRIMATU
Emakume Abertzaleon VIII.Topaketa Feministetan parte hartzeko izen ematea irekirik da
  • COVID-19 pandemiak eragindako egoera dela eta, aurrez aurre edo streaming bidez jarraitu ahal izango dira ekitaldiko hitzaldi eta tailerrak. Azaroaren 22a arte iraunen du izena emateko tarteak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 03a
Izen ematea jada zabalik da Bilgune Feministak antolatutako jardunaldietarako

Ireki da dagoeneko abenduaren 12an Oreretan izango diren Emakume Abertzaleon VIII.Topaketa Feministetan izena emateko tartea. Aurten, "Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean" lemapean egingo dituzte topaketak. Aurrez osatutako egitaraua bere horretan geratzen den arren –bazkaria ezik–, antolatzaileek ezin dute aurrez aurreko formatua ziurtatu, eta horregatik, izena ematerakoan streaming bideko aukera ere planteatzen dute.

Horra hor eguneko egitaraua:

09:30-10:30: Izen-ematea eta harrera

10:30-12:30: Mahai-inguru nagusia: "Hizkuntza, arraza eta nazio zapalkuntzen arteko elkarguneetan arakatu"

13:00-14:30: Eztabaidan sakontzeko dinamika parte-hartzailea lan taldeetan

17:00etatik aurrera: Tailer, eztabaida eta hitzaldi ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dugu: territorioaren defentsa, euskararen inguruko hausnarketak, gure iraganaren hausnarketak, gure arrazakeria biluzteko praktikak, internazionalismoa, gorputzak eta desirak, transnazionalak...

19:30: Bukatzeko, ekitaldi nagusia egingo dugu Herriko plazan

Ahal bada, aurrez-aurreko formatuan

Pandemiak ahalbidetzen duen neurrian, aurrez aurreko jardunaldiak lehenetsiko dituztela adierazi du Bilgune Feministak, beharrezko babes-neurriak bermatuko dituztela jakinaraziz: "Osasun neurriak, segurtasun distantzia eta aforoak zainduko ditugu".  Egoerak ez badu ahalbidetzen, streaming bidezko topaketak soilik egin beharko dituztela zehaztu dute. Presentzialean zein streaming bidez, bono berdina ordainduko da.

Inskripzioa burutzean, emailera QR kode bat helduko zaio interesatuari eta hori izango du sarrera, abenduaren 12an paperean edo digitalean eraman beharko duena.