argia.eus
INPRIMATU
Elurre Iriarte: “Aroztegiaren kontrako kanpainak egiten segituko dugu”
  • Aroztegia proiektuaren kontrako protesta baketsuetan parte hartzeagatik ezarritako zigorrari aurre egiteko diru-bilketa abiaraziko dutela iragarri du herri kolektiboak.

     

Miren Mindegia Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko uztailaren 24a

Denetara hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna. Hori da Baztango Lekaroz herrian egin nahi den Aroztegia proiektuaren aurka protesta baketsua egiteagatik zazpi herritarrentzako eskatu den zigorra. Zazpi inputatuen elkartasun komisioko kide Elurre Iriarteren aburuz, "euren lurrak defendatzeagatik horrelako zigorra ezartzea gehiegikeria hutsa da". Hala, proiektuaren kontra kanpainak egiten jarraituko dutela eta laster diru-bilketari ekingo diotela ere iragarri du.

Jatorria aurrekoa bada ere, 2015ean sustraitzen da baztandar aunitzentzat amesgaizto bilakatu den Aroztegia proiektua. Iriartek gogoratu bezala, urte hartan eta hauteskundeetarako bost egun besterik gelditzen ez zirenean UPN-ren gobernuak argi berdea eman zion Palacio de Aroztegia enpresaren planari, Udalez Gaindiko Eragina duen Plan gisa (UGEP). Proiektu horren eskutik 228 etxebizitza, 135 gelako hotel bat eta 46 hektareako golf zelai bat eraikitzeko asmoa dago, 300 biztanle inguru besterik ez dituen Lekarozko lurretan. 

"Horrelako proiektu batek ez du zentzurik Baztanen, Baztanek ez du horren beharrik eta herritarren aski argi erran dute proiektuaren kontra daudela". Hamar urte hauetan hainbatetan atera dira kalera herritarrak, herri galdeketak egin dira eta Baztango Udalak behin eta berriz eskatu dio Nafarroako Gobernuari UGEP-a bertan behera utzi dezan.