argia.eus
INPRIMATU
Elurraren turismoari lotutako espekulazioa salatu du Kataluniako Stop Jocs Olímpics plataformak
  • Baqueira Beret-eko eski estazioan eman du prentsaurrekoa 2030eko Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko 'Bartzelona-Pirinioak' hautagaitzaren kontrako Stop JJOO plataformak, luxuzko 38 etxebizitza eraikitzen ari diren lekuan bertan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko abenduaren 21
Baqueira Beret-eko estazioan eraikitzen ari diren etxebizitzetako bakoitzak 2 milioi euro balio du / Argazkia: @stopjjoo

Plataformako kide Bernat Lavaquiol eta Alidé Sans-ek salatu dute neguko turismoari eta zehazki eskiari lotutako espekulazio urbanistikoaren ondorioz, bertako herritar eta langileek geroz eta zailagoa dutela etxebizitza eskuratzea, batez ere Aran, Cerdanya eta Pallars Sobirà eskualdeetan.

Baqueira Bereten eraikitzen ari diren etxebizitzetako bakoitzak 2 milioi euro balio duela-eta, Lavaquiolek adierazi du eskualde horietan dauden lursail urbanizagarri apurrak –batzuetan gainera birkalifikatu behar izan dira–  "luxuzko bigarren edota hirugarren etxebizitzak" eraikitzeko baliatzen ari direla, eta lurrari lotutako espekulazio horren ondorioz hazi egiten dela bertan egonkortu nahi dutenentzako etxebizitzen balioa: "Baqueira-ren jabeek natura suntsi dezakete eta mundu guztia isildu egiten da; Pirinioetako omertá da".

Azaldu duenez, Aran bailarako etxebizitzen %54 bigarren edo hirugarren etxebizitzak dira eta, batez beste, urtean 18 egunez besterik ez da egoten norbait bertan.

Bestalde, Stop JJOO plataformak salatu du eski estazio pribatuek jasotzen dituzten diru-laguntza publikoek Baqueira Beret-ekoa moduko proiektu urbanistikoak hauspotzen dituztela. Hainbat adibide aipatu ditu kolektiboko kide Alidé Sansek, Bausen udalerrikoa tartean, bertan bizi diren pertsonen halako hiru jasotzeko ahalmena izango duen urbanizazioa hain justu.

Gauez ere martxan

Stop JJOO plataformak emandako prentsaurrekoaren bueltan, sare sozialetan hainbat erabiltzailek gogorarazi du Masellako eski estazioa gauez ere zabalduko dutela, astean bi egunez, martxora bitarte. Energia-gastuaz gain, animaliengan sor dezakeen kaltea ere salatu du hainbat eragilek.