argia.eus
INPRIMATU
Eltxo tigrea EAEko 56 udalerritan atzeman dute
  • Espezie inbaditzaile hau duela hamarkada bat iritsi zen Euskal Herrira, eta asko ugaritu da hiri inguruetan, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoako hiriguneetan, ura aurkitu dezaketen inguruetan. Zein lekutan atzeman duten, zein arrisku duen eta hedatu ez dadin zer egin daitekeen azaldu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko abuztuaren 27a
Eusko Jaurlaritzaren infograma, ARGIAk moldatuta eta euskaratuta.

2013an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin eta udalekin batera martxan jarritako programaren bidez, 56 udalerritan atzeman dute eltxo tigrea, EAEko lurretan. Araban Gaubean eta Laudion; Bizkaian Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Leioa, Lemoa, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Ugao-Miraballes, Usansolo, Trapagaran, Zamudio eta Zaratamon; eta Gipuzkoan, Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarragan.

Orain, espeziea hedatu ez dadin, laginketak egiten ari dira 51 udalerritako 93 eremutan: laginen analisiak eltxo tigreen presentzia eta banaketa monitorizatzea ahalbidetzen du. Nafarroan ere, Osasun Publikoko Institutuak eltxo tigrearen zaintza plana martxan du 2016tik, eta iaz laginketa 67 eremutan egin zuen.

Herritarrek ere ohartarazi dezakete eltxo tigrea non ikusi duten, Mosquito Alert aplikazioaren bidez. Eltxo beltz txikia da (5 milimetro luze inguru), eta buruan eta toraxean marra zuri bat du.

"Euskal Herrian ez ditugu dengea, zika eta chikungunya, eta beraz hemengo eltxo tigreek ez dute birusa barruan, baina urtero egon ohi da kasu inportaturen bat edo beste"

Ziztaden eragina

Egunez egin ohi du zizta eltxo tigreak, ziztada mingarriak izan daitezke eta erreakzioak, handiak. Urarekin eta xaboiarekin garbitzea eta hotza aplikatzea gomendagarria da, eta ez da hazka egin behar, infektatzeko arriskua egon daitekeelako. Zehatz-mehatz azaldu zion ARGIAri Aitor Cevidanes Neikerreko kideak: “Eltxo tigreak daukan ezaugarri nagusietako bat da elikatzeko oso gizaki-zalea dela, ziztada asko jasotzen ditugu eta ziztada horiek azkura dezente eta erreakzioak eragiteaz gain, gaixotasunen kutsatzaile dira, batez ere dengea, zika eta chikungunya birusak. Euskal Herrian, ordea, ez ditugu birus horiek eta beraz hemengo eltxo tigreek ez dute birusa barruan, baina urtero egon ohi da kasu inportaturen bat edo beste, bidaian atzerrira joan eta han gaitza hartu duena. Bueltan odolean oraindik birusa baldin badu, arriskua dago eltxoak zizta egin eta beste norbait kutsatzeko, eta orduan hitz egin beharko genuke kasu autoktonoez, ez soilik inportatuez. Frantzian eta Italian, adibidez, azken hiru urteetan ehundik gora kasu autoktono izan dituzte, dengez kutsatuak. Denge kasu gehienak, gainera, sintomarik gabekoak dira eta horregatik zaila da atzematen”.

"Oso ur bolumen txikia behar dutenez, aurkituko ditugu loreontzi-plateren inguruan, lorategia ureztatzeko bidoien eta ureztagailuen bueltan, baratzeko ur barrikaren alboan…"

Nola geldiarazi eltxo tigrea?

Cevidanesek azaldu moduan, espezie hau ez da gai distantzia luzeak hegan egiteko, 200-500 metro asko jota, beraz, eltxo ziztada jaso dugun gunetik gertu egongo dira eltxo horien haztegiak, edo beste era batera esanda, hazteko behar duten ur pilatua. Oso ur bolumen txikia behar dutenez, aurkituko ditugu loreontzi-plateren inguruan, lorategia ureztatzeko bidoien eta ureztagailuen bueltan, baratzeko ur barrikaren alboan… “Eltxo tigreak hazteko lekuen %70-80 inguru zonalde pribatuak dira, gure lorategi, balkoi eta abarrak, eta horregatik, prebentzioan herritarrok lan indibidual asko dugu egiteko, ura duten edukiontzi artifizial horiek kendu behar ditugu”. Horixe bera eskatu du Eusko Jaurlaritzak, ura pilatzen duten ontzi eta abarrak kontrolpean izatea, hustea edota desagerraraztea, eltxo tigreek ez dezaten arrautzak jartzeko aukerarik izan.