Auto elektrikoen ekoizlerik handiena den Tesla enpresako Suediako 120 mekanikarik grebari ekin zioten urriaren 27an, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, eta inguruko herrialde eta sindikatu nagusietara zabaldu da Musken aurkako boikota. "Elkartasun greba" deritzonaren bidez enpresari milioiduna presionatzen ari dira eta Teslaren ekoizpena blokatzea lortu dute, hainbat sektoretako langileen laguntzaz.
Elon Musk milioidunak ez du Suediako 120 mekanikariekin hitzarmen kolektiborik sinatu nahi izan, baina langileok antolatu egin dira eta IF Metall sindikatuak bultzatuta, Teslako jabeak espero ez zuen erantzuna ematen ari dira. Urriaren 27tik greban daude, eta Teslako ekoizpena blokatzen ari dira hainbat sindikaturen laguntzarekin. Suediako ia guztiak batu dira protestara, baita inguruko herrialdeetakoak ere: Danimarka, Norvegia eta Finlandiako langileak ere nazioarteko auto elektrikoen ekoizle handiena presionatzen ari dira, boikotaren bidez.
Suediako zamaketariak blokatzen ari dira autoak euren portuetan deskargatzea, eta hori ekiditeko Muskek Danimarkako portuetara bidali zituen ontziak. Baina han ere oztopoak jarri dizkiote: 3F sindikatuak –Danimarkako handiena– bat egin du langile suediarren grebarekin eta bide hori ere itxi diote. “Enpresak bezala, mugimendu sindikala eta langileak babesteko borroka ere globalak dira. Gure elkartasunarekin presio handiagoa egingo diogu Teslari. Espero dugu lehenbailehen mahaian esertzea negoziatzeko eta hitzarmen bat sinatzea”, adierazi du 3F sindikatuko garraio sektoreko Jan Villadsen-ek.
Garbitzaileak, elektrikariak, mantenuko langileak, garraiolariak, zamaketariak edota postariak elkartu dira mekanikarien borrokara, eta Tesla blokatzea lortu dute: zamaketariek ez dute autorik deskargatzen, elektrikariek ez dute karga punturik prestatzen edo konpontzen, taxi gidariek ez dute Tesla autorik hartuko mekanikariek hitzarmena izan arte, eta abar.
3F sindikatutik argitu dutenez, Suedia, Norvegia eta Danimarkak “elkartasun gatazka” deritzon eredua dute, eta horrek ahalbidetzen du hainbat sektore eta tokitako langileek ere Teslaren jarduna blokatzea. IF Metall sindikatuak salatu du Tesla multinazionala saiatu dela grebari aurre egiteko beste mekanikari batzuk kontratatzen, baina sindikatuen eta langileen elkartasuna enpresari milioiduna baino indartsuagoa izan dela erakutsi dute.
Norvegia, Finlandia eta Danimarkako sindikatuek elkartasunezko greba egin dute, besteak beste, azpimarratzeko hitzarmen kolektiboa edukitzea ezinbestekoa dela herrialde horietan, batik bat. Langileen gutxieneko soldatak eta lan baldintzak hitzarmen kolektiboen bidez finkatzen dira, eta suediarren %90 dago hitzarmenen batek babestuta. Beste herrialde batzuetan gutxieneko horiek legez finkatuta daude, Langileen Estatutuen bidez.
Mekanikariek hasi zuten greba gero eta oihartzun handiagoa izaten ari da, eta astez aste boikotera elkartzen ari dira sindikatu gehiago; ikusteko dago Europan noraino zabalduko den. Elon Muskek, negoziazioari bide eman ordez, zera esan du grebari buruz: “Hau erokeria da”.