Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.
Ekintza politikorako ekimenak deitzen diren batzorde antolatuek bultzatzen dituzte hautagaien kanpainak AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeetan, eta giltzarri dira hauteskundeetako emaitzetan. Muskek bultzatzen duen America Pac-ek 300-400 langile ditu zazpi estatu lehiatuetako bakoitzean, eta bere helburuetako bat da azaroko hauteskundeen aurretik hiru bisita egitea Trumpen balizko boto emaileen etxeetara.
Teorian Trumpen kanpaina Trumpen 47 kapitainak ekimenean dago oinarrituta. Trumpen balizko boto emaileetara zuzentzen diren 27.000 boluntarioz osatutako taldeak dira eta hamar bizilagunen datuak jasotzen dituzte, haiek ere Trumpen aldeko lanean jartzeko. Hori lortzen badute, hurrengoan 24 laguneko zerrenda jasotzen dute eta ondoren 45ekoa. Gainditzen dituzten maila bakoitzeko sariak dituzte.
The Guardian-ek kontsultatutako pertsonen arabera, kanpaina areagotzera dator orain Elon Musk America Pac indartzearekin. Kapitainen kanpainak arrakasta badu ongi, baina hori batez ere oinarritzen omen da landa eremuko boto bilketan, eta America Pac-ekoen ustez, arrakastarako herri handiagoetan eta hirietan ere aritu behar da.
America Pac duela hilabete hasi da lanean indarrez eta uste da Trumpek irabazten badu, neurri batean Musk-i esker izan daitekeela. Ezaguna da Musken anbizio politikoa handitu egin dela azken hilabeteetan, eta besteak beste, duela gutxi Trumpi bere kabinetean partehartzea proposatu zion lehendakari hautatua izanez gero.