Munduko pertsonarik aberatsena da Musk, Forbes-en azken sailkapenaren arabera. Vivek Ramaswamy politikari eta enpresa-buru kontserbadorea izanen du bere ondoan, kargua betetzeko. "Erreforma estrukturala" bideratzekoa dute, gobernuarentzat "inoiz ikusi gabeko enpresa-jarrera bat" eraikitzeko asmoz.
Truth eta X sare sozialetan iragarri dute berria: Gobernu Efizientziarako Departamentua izeneko ministerio berria sortu eta Elon Musk jarri du horren buru. Bere ondoan ukanen du Vivek Ramaswamy. Hots, "bi amerikar zoragarri", AEBetako presidente Donald Trumpen hitzetan. Munduko pertsona aberatsena da Musk, besteak beste, X (Twitter zena), Tesla, Neuralink eta SpaceX enpresen jabe dena. Ramaswamy ere da diruduna eta erabat kontserbadorea: "Trumpen programa are urrunago eraman nahi dut", adierazi zuen Errepublikanoen primarioetako lehian aurkezterakoan –atzera egin zuen, azkenean, Trumpi sustengua bideraturik–.
"Erreforma estrukturala" bideratzeko ardura luzatu die AEBetako presidenteak, gobernuarentzat "inoiz ikusi gabeko enpresa-jarrera bat" eraikitzeko asmoz. Alegia, pribatizazioez eta austeritate politikez jositako proposamen politiko-ekonomikoa.
Beranduenik 2026ko uztailerako betetzekoa dute beren misioa. "Gobernu ttipiagoa, eraginkorragoa eta burokrazia gutxiagokoa" eskaini nahi die estatubatuarrei Trumpek.
America PAC izeneko konpainia sortu zuen maiatzean Muskek, zehazki, Trumpen aldeko kanpaina bideratzeko. Wall Street Journal egunkariaren arabera, Trumpen alde egin zezaketen estatuetan jarri zuen arreta America PACekin, hauteskunde zerrendetan izena ematera bultzatzeko zale errepublikanoak. Milioiak bideratu ditu komite horrentzat –75 milioi dolar, Libération egunkariaren arabera–. Baina horrez gain, beste motatako ekintzak ere bideratu ditu, tartean zeresan handia sortu duen loteria: Trumpen ideiez jositako petizioa izenpetzen zutenen artean egunero loteria egin eta milioi bat dolar banatzen zituen eguneko irabazleari. Funtsean, Filadelfiako prokuradoreak salaketa jarrita du, ekimen hori legez kanpokoa delakoan. Orotara, 100 milioi dolar gastatu ditu Trump berriz ere garaile aterarazteko lasterketan.
Nola ez, X sare soziala ere baliatu du Errepublikanoen hautagaiaren alde: konspirazio teoriak, etorkinen aurkako diskurtsoak zein Trumpen gezurrak eta promesak zabalduta.