argia.eus
INPRIMATU
ELNk hilabeteko su-etena iragarri du, koronabirusaren arazoari aurre egiteko
  • Kolonbiako herriarekiko “keinu humanitario” bat eginez, apirilaren 1etik 30era alde bakarreko su-etena iragarri du Kolonbiako ELN gerrillak. Erabakia NBEk munduko gatazkak eteteko deiaren ostean heldu da.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 31

Antonio Guterres Nazio Batuen erakundeko idazkari orokorrak deialdia egin zien munduan gatazkan zebiltzan indarrei su-etena iragarri zezaten, Estatuetako indar guztiak koronabirusari aurre egitera bideratzeko. Horrela egin du ELN gerrillak, Voces bere aldizkarian argitaratu denez.

Gerrillak azaldu bezala, su-etena aktiboa da, “herrialdeko hainbat eremutan dauden estatuko indarrak osatzen dituzten paramilitar, narkotrafikatzaile eta militar erregularren erasoetatik defendatu ahal izateko”. Horrez gain, gerrillak eskatu dio Ivan Duque Kolonbiako presidenteari hilabete horretan zehar Habanan batu daitezela aldebiko su-etena dekretatu eta bake prozesuarekin jarraitu ahal izateko.

Kolonbiako Gobernuari ez zaio aski iruditu gerrillaren erabakia. Miguel Ceballos Kolonbiako bakerako goi komisitonatuak esan du ez dela nahikoa erabakia bake prozesuari jarraipena emateko. Gehitu du erabakia berandu heldu dela, izan ere “hamabost egunetik gora” daramatzate koronabirusaren krisian murgilduta. Eta bake prozesuekin jarraitzeko baldintzak jarri dizkio ELNri: “Jarduera kriminalen” etetea eta bahitutakoak askatzea.