argia.eus
INPRIMATU
ELN eta Kolonbiako Gobernua prest dira gizartea hirugarren solaskidetzat duen negoziazio mahaia ezartzeko
  • Hiru hilabeteko atzerapenarekin bada ere, hasi dira ELN Nazio Askapenerako Armada eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketak. Oztopo handiak gainditu behar izan ditu prozesuak, eta duela hilabete haustear zegoela zirudien arren, aurrera egitea lortu du.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 07a

2014an hasi ziren gerrilla horren eta Juan Manuel Santosen gobernua lehen kontaktuak edukitzen, eta fase sekretu horrek bi urte iraun zuen. 2016ko martxoan iragarri zuten bake negoziazioei ekiteko agenda bat adostea lortu zutela ondorengo puntuekin: gizartearen parte-hartzea bakearen eraikuntzan; bakerako demokrazia; bakerako eraldaketak; biktimak; gatazka armatuaren amaiera eta akordioaren gauzatzea.

ELNk garrantzi handia ematen dio gizartearen parte-hartzeari, baina oraindik ez dute zehaztu nola gorpuztuko duten hori zehazki, agendako lehen puntua baita. Gerrilla horrek bere borroka gizarte osoaren herri borrokaren zatitzat du, eta ondorioz, ez du negoziazio mahaia bere proiektu politikoa aurrera eramateko aukeratzat. Aukera gizarte osoari eskaintzen dio, hark esan dezan zein eraldaketa diren beharrezkoak egungo Kolonbian; horretarako daude agendako lehen hiru puntuak.

Hain zuzen, FARC-EPk azken lau urteetan Habanan gobernuarekin izandako negoziazioei leporatu zaie gizartearen parte-hartze mugatua eta gidatua izan zela. Gobernuari ere ez zaio gustatzen parte-hartze hori; gaur martxan jarriko duten agenda lortzeko oztopo nagusia gobernuak parte-hartzearekiko erakutsitako errefusa izan da.

Nahita atzeratutako mahaia

Martxoko iragarpenaren ostean, urrian esan zuten, akordio humanitario batekin batera, elkarrizketa publikoak hil horretako 27an hasiko zirela. Ez zen horrela izan gobernuak nahi izan ez zuelako. ELNk atxikita zuen Odín Sánchez parapolitikoa —kongresu kide ohia talde paramilitarrak sortzeagatik zigortu zuten epaitegiek— askatzea exijitu zion gobernuak aldebakarrez, nahiz eta hori ez zen agertzen akordio humanitarioan. Kontrara, ELN betetzen ari zen akordio hori, eta gobernua, berriz, ez. Ez zituen askatu adostutako bi indultatuak, baina gerrillak askatuta zituen momentuz askatu behar zituen atxikitakoak.

Mugimendu horrekin, gobernuak iritzi publikoa ELNren kontra jartzea lortu zuen. Gainera, urrian huts egindako plebiszituaren ondorioz FARC-EPrekin zuen prozesua luzatu zen, eta gobernuak ez zuen nahi inolaz ere bi gerrillekin aldi berean negoziatu. Hala, gobernuaren eta ELNren ordezkariak kontaktuak mantendu zituzten, harik eta urtarrilaren 18an beste akordio humanitario bat lortu zuten arte. ELNk Odín Sánchez askatu zuen iragan ostegunean, eta gobernuak ELNko kide diren bi bake gestore, eta bi indultatu atera zituen kartzelatik.

Akordioa beteta, gaur arratsaldean —hemengo gauean— ezarriko dute negoziazio mahaia. Gizarteak, parte-hartzeaz haratago, berme gisa jokatu beharko du mahai horretan. 2018ko presidentetzarako hauteskundeetan aterako da Santosen ondorengoa, eta ez dago argi mahaia mantenduko duen. Horretarako, Quiton daude Kolonbiako gizarte mugimenduko hamarnaka kide, gizarteak ere bere negoziazio mahaia ezarriko baitu gaur bertan.