Gipuzkoako Foru Aldundiak aldi baterako enplegua egonkortzeko enplegu publikoaren eskaintza egin du. Plazak lortzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorren, oinarri espezifikoen eta deialdien aurka errekurtsoa aurkeztu du Elkartu-k.
Errekurtso honen bidez, Elkartuk (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) bermatu nahi du desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko konbentzioan aitortuta dagoen lan-merkatu ireki, inklusibo eta irisgarrian lan egiteko eskubidea. Administrazio publiko bakoitzean desgaitasuna duten langileak, gutxienez, %2 izatea lortzeko bidean aurrera egin nahi dute.
Deialdia aztertzean, Elkartuk prentsaurrekoan egiaztatu du desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba kupoa ez dela aurreikusten merezimendu-lehiaketaren hautaketa-prozesutan. Horregatik, uste dute ezarritako lanpostuen erreserba-ehunekoa (%7) ez dela betetzen, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen 59.1 artikuluan.
Egonkortzeko prozesua Enplegu Publikorako Eskaintza izanda, lehia askea, berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta publizitatearen printzipioak ere bermatu behar direla esan du elkarteak. Horrela, desgaitasuna duten pertsonentzako kupo bat erreserbatzen den moduan, berdintasun eskubidea bermatzeko ekintza positibo gisa ezartzeko.