Euskal Herri mailan txikitik handira agroekologia sustatzen duten zenbait elkarte eta kooperatiba ataka larrian daude, finantziazio iturriak bertan behera geratu ostean. Erakunde publikoetatik, berriz, elikadura negozio gisa ikusten duten proiektuen aldeko apustu irmoa nabari da. Eredu bat edo bestea babestetik haratago, trantsizio agroekologikoa eragozteko mekanismoak somatzen dira.
Ez daude momentu errazean agroekologia herrigintzatik garatzen dabiltzan irabazi asmorik gabeko elkarte eta kooperatibak. Arazoak ez datoz herriaren atxikimendu faltagatik edo trantsizio ekosozialaren bidean lurraldea gero eta makroproiektu gehiagok inbaditzen dutelako; gaurkoan elkarte eta kooperatiba hauek finantziazio lerroak izateko dituzten zailtasunez mintzatu nahi genuke.
Berriki entzun dugu Euskal Herri mailan agroekologia sustatzeko lanean dabilen erreferentziazko irabazi asmorik gabeko elkarte bakanetakoa Jaularitzaren hitzarmenik gabe geratu dela. Egia esan, berriak ez gaitu guztiz harritu, badakigu zein den EAE mailan garatu asmo den elikadura eredua, teknologian eta digitalizazioan trebea, eta elikadurarekin negozioa egitea bilatzen duena. Hala ere, zilegi ote da diru publikoa hain modu desorekatuan kudeatzea?
Pentsa dezakegu erakunde publikoek eragile pribatu zein irabazi asmorik gabekoekin dituzten hitzarmen edo dirulaguntza izendunek klientelismoa sustatu dezaketela, eta beraz, bidezkoagoa litzatekeela deialdi publikoen aldeko apustua egitea. Baina hor ere zalantzak sortzen zaizkigu. Badirudi trantsizio agroekologikoa bideratzeko saiakeran emaitza interesgarriak lortzen ari diren zenbait elkarteren lana finantziazio iturririk gabe uzteko mekanismo eraginkorra suerta daitekeela.
Ez dugu zalantzan jarri asmo deialdiak ebazteko orduan ebaluazio irizpideek eta espreski sortutako Ebaluazio Batzordeetako kideek duten zilegitasuna, baina badira arreta jarri beharko geniekeen zenbait kasu. Esaterako, Elikadura Jasangarria lerro nagusitzat duen Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-Misioak programari erreparatuta, 2023ko eta 2024ko ebazpenek erakusten digute hainbat kontsumo- eta nekazari-elkarte eta kooperatiba dirulaguntzarik gabe geratu direla; dirulaguntza partida esanguratsuenak, berriz, ingeniaria-, marketin aholkularitza-, teknologia eta zientzia-, komunikazio- eta digitalizazio- enpresek jaso dituzte. Beraz, badirudi proiektu agroekologikoak baino, teorikoki Garapen Jasangarrirako Helburuak euren txostenetan jasotzen dituzten Elikadura Klusterrak direla elikadura jasangarriaren aldeko apustua egiten ari direnak. Antzeko zerbait gertatu dela esan genezake, Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoetako departamentuak duen Trantsizio Ekologiko Jasangarria eta Bidezkoa sustatzeko programarekin ere.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailetik bideratzen den Euskadi Next programari ere erreparatu ahal diogu. Trantsizio energetiko ekologikoaren, trantsizio digitalaren eta gizarte-kohesioaren erronkei aurre egin eta Giza Garapen Jasangarria bultzatzeko diseinatua da. Baina nola liteke hain justu “Next Generation” edo hurrengo belaunaldiei erreferentzia egiten dien funts horiek, gaur egun lurraldean ditugun natur baliabideen ustiaketa arrazionala sustatzea? Begiratu besterik ez daude Euskadi Next programak hobetsi dituen proiektuak: digitalizazioa eta berrikuntza lerroan, “Smart Food Country 4.0: Euskadiko elikadura-katearen digitalizazioa”, “Akuikultura-ekoizpeneko lehorreko parkea Basordasen”, edo “Basque Food Ecosystem: Euskal elikadura-sistema segurua, jasangarria eta osasungarria garatzea”.
Aurreko batean entzuten genion Fernando Valladaresi estatu mailan herritarrek bizi-baldintza egokiak izateko behar den energiaren bikoitza ekoizten dela egun, eta era berean, mundu mailan ekoizten diren elikagaien erdia xahutzen dela. Euskal Herrira etorrita, onartezina da dirulaguntza lerroak neurrigabeko hazkunde ekonomikoa sustatzera bideratzea. Programak norentzat eta zertarako ezartzen diren berrikusi beharra dago.