argia.eus
INPRIMATU
Elkartasunerako txartela Iruñeko autobus geltoki zaharrean
  • Sarrerako esku orria jasotzerakoan ohartarazten zaituzte: “Azoka bat baino askoz gehiago”. Bai, iruindarrak badaki, toki hau lehen autobus geltoki zaharra zen eta gaur egun parke publiko estalia.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko apirilaren 19a
65 postu biltzen ditu Iruñeko Ekonomia Solidarioaren 3. Azokak. 65 postu biltzen ditu Iruñeko Ekonomia Solidarioaren 3. Azokak.

Arrazoi du esku orriak, hori baino askoz gehiago da une zehatz honetan REASek  (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) antolatutako Ekonomia Solidarioaren 3. Azoka hau.

Bizitza eta munduaren ikusmolde zehatz bat islatzen delako bertan, era guztietako aberastasuna sortu eta partekatzen duen komunitate zabala eraiki nahi delako bertatik. “Berdintasuna, justizia, demokrazia, elkartasuna eta jasangarritasuna” helburu bakarrik ez, bizimolde ere bai. Eta postuz postu doanak sentitzen du mezua ez dela telebistan multinazionalak saltzen dion postalaren gisakoa, saltzen zaiona egiazkoa dela arnasten da bertan.

Edo dastatu, Bizilurreko postuko gazta eta zahatoko ardoa bezala. Energia Gara kooperatibako orria dakar lagunak, “bazkide egin nauk, nahi baduk…”, “pentsatuko diat, baduk ordua hitzetatik jarduerara jauzi egiteko”. Azokako hizketaldietako bat da. Dastatu eta zer ez, hiria antola daiteke 65 postu biltzen dituen feriatik. Ostiral eguerdian hasi zen eta igandera arte egongo da,  antolatzaileek 5.000 bat lagunen bisita espero dute feriaren amaierarako.

Azokako pasabide eta aretoetan dira birmoldaketaren hariak mugiarazten dituzten saltzaile, erosle eta ikusle soilak. Ikusi egin liteke, esperientziak partekatu, hitzaldiak entzun… eta salerosketa azokako monetan, sarreran aldatzen diren ‘txanpoien’ bidez.  Mikro-hitzaldi andana eta makro batzuk ere bai, Paul Nicholson (Via Campesina) eta Peru Sasia (Fiare Banku Etikoa). ATTAC, Oxfam, Bizi… dira irakur daitezkeen sigla eta izenen artean. Nekazaritza produktuak, konfiturak, jantzi, oinetako, seguruak, banku mundua, kontsumo taldeak, salmenta kooperatibak, ingurumena, komunikazioa, aholkularitza, eraikuntza, artisauak…  mundutxo bat bestelako munduaren eraikuntzan.

Sare txiki, baina bizia, gero eta trinkoago, gero eta gehiago mugitzen duena: ekonomia solidarioak lurraldean berez askoz gehiago sortzen badu ere, bakarrik Nafarroako REAS sarean 45 elkarte edo enpresa batu dira, 350 pertsona ari dira lanean multzo osoan eta 20 milioi euro mugitzen ditu.

Ezin engainatu, ordea, aurrera ateratzea ez da erraza, hemen ere bada zailtasun eta porrotik. Areago, hamaika porrotetik dator feriakide ugari. Elkartasunez eta ardatzean dirua bakarrik ez denean, ostera, dena da errazagoa. Azoka honetako mezuak zirimiri bailitzan bustitzen du gizartea apurka. Adibide bat: zer ari dira saltzen orain gero eta gehiago Euskal Herriko saltoki handietan? Bertako produktu freskoa…  eta ekologikoak ere gero eta indar handiagoz.

Ehunka metro batzuetara bidaiariak geltoki berritik mundurat ateratzen ari diren honetan, hemen ere samur suma liteke feria norabide egokian doala elkartasunaren autobusa hartu nahi duenarentzat.