argia.eus
INPRIMATU
Elkartasuna biderkatuko du Errigoraren aurtengo ekimenak
  • Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina egingo dute urriaren 24tik azaroaren 12ra, eta urtero bezala, auzolanari esker, hauen balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko da. Aurten aldiz, elkartasuna are handiagoa izanen dute: AEK, Seaska eta Sortzen egiturak lagunduko dituzte diruz.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 20a

"Pandemiak eragindako nahas-mahasari elkartasun handiagoz erantzuteko proposamena egingo diogu Euskal Herriari" mezua luzatu dute Errigora-ko ordezkariek. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina egingo dute urriaren 24tik azaroaren 12ra, eta urtero bezala, auzolanari esker, hauen balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko da. Aurten aldiz, elkartasuna are handiagoa izanen dute: AEK, Seaska eta Sortzen egiturak lagunduko dituzte diruz.

Zehazkiago, horra nola antolaturik duten elkartasuna: "saski beltza" (50 eurokoa) eskatzekotan, aparteko 5€ko ekarpena egingo du eskatzaileak, trukean Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko, Korrika ez egiteak eragingo dion diru-galera arintzen laguntzeko; "saski berdea" (60 eurokoa) eskatzekotan, aparteko 5€ko ekarpena egingo da, trukean Seaskaren egutegia jasotzeko eta Seaskari diru hori zuzenean bideratzeko, Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko eta "saski zuria" (70 eurokoa) eskatzekotan, aparteko 5€ko ekarpena egingo da, trukean D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko.

"Egiten duguna gara"

"Euskara plazan nahi duen orori kanpaina honetan parte hartzeko deia egin nahi diogu. Sinplea da: izan dadin nahi genukeena guk geuk egiteko gonbidapena luzatzen dugu. Aurtengo kanpainarako hautatu dugun leloak dioen bezala, egiten duguna gara". Mezu hau luzatu dute urriaren 20 honetan Donostian egindako prentsaurrekoan.

Antolatzaileek oroitarazi dutenez, "boluntarioen sare handi bat" dago ekimenaren gibelean, "ehunka herritan, informazioa zabaltzen, eskariak jasotzen eta saskiak banatzen aritzen dena". Era berean, AEKren, Ikastolen, Sortzenen eta Errigoraren arteko elkarlanaren emaitza  ere da kanpaina. Ondorioztaturiko diru-ekarpena Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei, Erriberako AEKri eta Sortzenek zonaldean dituen proiektuei bideratzen zaie.