argia.eus
INPRIMATU
Elkartasun Ikastolak 900.000 euro inguru banatu ditu behar handiena duten ikastolen artean
  • Koldo Tellitu Elkartasun Ikastoletako lehendakariak azpimarratu duenez, elkartasun adierazpen “handia” da, eta halaber, ikastola bakoitza Ikastola mugimenduaren, Ikastola proiektuaren eta Ikastola ereduaren tokiko adierazpena.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 30
Argazkia: Elkartasun Ikastola

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia egin du Hernanin. Batzartutako kooperatibistek 872.000 euro banatu dituzte eskaera egin eta premiarik handiena duten ikastolei laguntzeko.

Sortze eta garapen fasean edota krisian dauden ikastolek aurrera egin dezaten, gainerako ikastolek egiten duten elkartasun adierazpena da 1990.eko hamarkadan sortu zen Elkartasun Kutxa. Urtero 800.000 eurotik gora banatzen dituzte.

Tellituk jakinarazi duenez, “banatzen den dirua ikastolen sareko 56.860 ikasleen gurasoek ordaintzen dituzten urteko kuotetatik lortzen da”.

Ikastolek euren buruari eskaini zioten tresna “eraginkor” honen bitartez, hainbat proiektu aurrera atera dira azken urteetan. Gaur egun proiektu horiek sendoak eta osasuntsuak izaten jarraitzen dutela adierazi du elkarteak.