Loiolako Herri Harresian parte hartzeagatik jarritako zigorra ordaintzea lortu dutela informatu du Eleak-Libre mugimenduak. Esteban Orbegozo azpeitiarrari eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrari 23.663 euroko isuna jarri zieten eta herriz herri egindako ekimenen bidez lortu dute ordaintzeko dirua.
2014ko irailaren 22an zenbait lagunek herri harresia egin zuten Loiolako Basilikako eskaileretan. Ekimenaren helburua zen babesa erakustea Segiko kideak izatea egotzita 1/12 sumarioan auzipetuta zeuden Jazint Ramirezi, Irati Tobarri, Igarki Roblesi, Xabier Arinari eta Imanol Salinasi. Horretarako, desobedientzia zibil ez-biolentoa erabili zuten.
Baina herri harresia desegiten ari zela, ertzain bat lurrera erori eta ospitalera eraman behar izan zuten. Gertakari horren ondorioz, “autoritatearen aurkako atentatua” leporatu zieten Orbegozori eta Hach Embareki, aipatutako isuna ezarriz.
Geroztik, ekimen ugari antolatu dituzte zigor ekonomiko horri buelta emateko. Ordaintzea lortu dutela jakinarazteko prentsari bidali dioten oharrean, Eleak-Libre mugimenduko kideek azpimarratu dute “elkartasunez eta konpromisoz” erantzun diotela “desobedientziaren aurkako zigorrari”.
Gainera, ekimen horien bidez “eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarria Euskal Herriko txoko desberdinetan” zabaltzea lortu dutela nabarmendu dute: “Horrelako eraso errepresiboei erantzuteko gaitasuna dugula frogatu dugu beste behin ere, herritar desberdinek antolaturiko ekimenei esker”.
Orbegozo eta Hach Embarek babesteko dinamika amaitzeko, uztailaren 27an ekitaldi bat egingo dute. 22:30ean izango da, Berdura Plazan, eta Eleak-Libre mugimenduak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.