Asteazkenean hasi eta larunbatera bitarte, egitarau mardula antolatu dute, “elkartasun uholdea” sortzea helburu. Asteburuan, auzipetuen herrietan mobilizazioak deitu dira Euskal Herri osoan. Irailaren 16an hasiko da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 14rako manifestazio nazionala deitu dute auzipetuek Bilbon.
11/13 makroepaiketan auzipetutako Gasteiztarren aldeko “5ak Gasteizen, elkartasunez blai!” herri ekimenak elkartasun astearen egitaraua aurkeztu du. Hilabeteak daramatza lanean, “Ane, Nagore, Gorka, Egoitz eta Izaskun maitasunez itotzeko; makroepaiketak betiko urperatzeko; konponbidearen eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko borroka freskatu eta indartzeko”. Aste honetan “elkartasun uholdea” sortu nahi du, eta larunbateko mobilizazioko “olatu erraldoiarekin” emango dio amaiera.
Zinema, kultur emanaldiak, haurrentzakoak
Asteazkenerako zinema emanaldia antolatu dute erdiguneko Florida zinemetan. Asier eta Biok filma emango dute, eta aurretik solasean arituko dira filmaren zuzendarikide Amaia Merino eta Asier Aranguren –filmaren protagonistetako bat eta 11/13 makroepaiketan auzipetua–.
Ostegunean, “Kultura, elkartasunez blai!” ekimenak Gasteizko bost plaza hartuko ditu aldi berean 19:00ak eta 22:00ak artean, askotariko emanaldiak eskaintzeko: kontzertuak, irakurraldiak, dantza, arte plastikoak, akrobaziak edo antzerki saioak daude iragarriak. Han izango dira, besteak beste, Iban Zaldua eta Garazi Arrula idazleak, MICE eta Piztupunkeko musikariak edo Irantzu Lekue artista plastikoa.
Ostiralean haurrentzako egitaraua prestatu dute antolatzaileek, “motxiladun ume gehiagorik ez!” lemapean. Gasteizko bost auzipetuen artean lau ume adingabe daude. Ane Gebara ipuin kontalariak emango dio hasiera saioari, umez osatutako Txiki-Zirkuak eta Basakatu musika taldeak emanaldiak eskainiko dituzte eta Porrotx pailazoak ere hartuko du parte.
Irailaren 7an, elkartasun olatu erraldoia
Asteko deialdi zentrala larunbateko mobilizazioa da. Arabako herrietatik ere egin dute deia Gasteizko mobilizaziora bertaratzeko. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Andre Maria Zuriaren plazan. Erronka kutsua eman diote deialdiari antolatzaileek: “2.800 ur litro behar ditugu elkartasun olatu erraldoia sortzeko. Busti zaitez!”. Urdinez jantzita eta ur ekarpen batekin agertzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Euskal Herri osoan zehar
Gasteizkoak ez dira ekimen bakarrak. 11/13 makrosumarioko epaiketa irailaren 16an hasiko da, 14an manifestazio nazionala deitu dute auzipetuek Bilbon, eta elkartasun eta salaketa keinuak ugaritu egin dira. Aste honetarako auzipetuen herrietan sortutako tokiko taldeek hamaika deialdi antolatu dituzte. Ostiral eguerdirako, gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.