argia.eus
INPRIMATU
“Elkarrizketarako dei zintzoa” egin die Mugimendu Sozialistak Gasteizko Txosna Batzordeari eta Bilboko Konpartsei
  • Azken asteetan txosnen harira eztabaidaren erdian egon diren Mugimendu Sozialistako eragileek –Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuak, eta Bilboko Luberri konpartsak– prentsaurreko bateratua eman dute ostegun goizean Gasteizen. Nahiz eta ukatu egin dituzten Gasteizko Txosna Batzordetik eta Bilboko Konpartsetatik eginiko akusazioak, bestelako tonu batean, konponbide adostuaren aldeko jarrera adierazi dute. “Elkarrizketak abiatzeko eta konfiantza eraikitzeko ariketa egin nahi genuke”.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2024ko ekainaren 13a

Posizioak hurbildu eta Gasteiz eta Bilboko txosnen harira sortutako gatazkei "gaurdanik" irtenbidea ematen saiatzeko borondatea adierazi dute Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, eta Bilboko Luberriko kideek. 150 kulturgilek sinatutako manifestuari lehenik Gasteizko Txosna Batzordeak (GTB) eta ondoren Bilboko Konpartsen (BK) federazioak emandako erantzunei ihardetsi nahi izan diete. Bakoitzari bere irakurketen harira, berretsi diete beren ustez baldintza guztiak betetzen dituztela. Hala ere, elkarlana eta elkarrizketa aldarrikatu dituzte, ez dute “beto” hitza aipatu ere egin eta “eman diezaiogun aukera bat denon artean” esanez amaitu dute irakurketa.

Jai herrikoietan parte hartu ahal izateko irizpideak “osorik” betetzen dituela adierazi du Mugimendu Sozialistak. Gaiak eztabaida publikora salto egin ostean, GTB eta BK-k talde horiek kanpo uzteko hartutako erabakien zilegitasuna defendatu zuten.

Gasteizen, adibidez, MS-ri leporatu zioten ez dakitela beste herri mugimenduekin elkarlanean giro onean aritzen. Guztiz errefusatu dute akusazioa: “Ez gaudela gainontzeko eragileak errespetatu eta haiekin adostasunetara iristeko prest adierazi du GTB-k. Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan partekatzen ditugu txosnaguneak beste eragile askorekin, eta horrek erakusten du minimoen baitako elkarlana gauzatu daitekeela. Gasteizko txosnetan Ikasle Abertzaleak badago eta haiekin elkarbizitza posible bada, zergatik ez GKS eta Etxebizitza Sindikatuarekin?”. Gasteizko txosnetan parte hartzeko oinarriak betetzen dituztela eta elkarlanerako puntuak ere beteko dituztela adierazi dute.

Konpartsei zuzenduta, beren erabakitzeko gaitasuna ez dutela zalantzan jartzen adierazi nahi izan diete. Hala ere, uste dute Luberri kanpoan uzteko erabakia ez datorrela bat konpartsen izaera parte hartzaile eta herrikoiarekin. “BKk eta GTBk izaera zabala izan dute urte luzez eta guk beste bat gehiago izan nahi dugu konpartsetan eta txosnetan. Gasteizen bezala Bilbon ere, parte hartzeko baldintzak betetzen ditugu eta uste dugu gure oinarriek zein eguneroko jardunak frogatzen dutela toki bat merezi dugula”.

Beren hitzetan, gaiaz jakitun den jendearen gehiengoa “konponbidearen” aldekoa da. “Gaia enkistatzeak ez dauka zentzurik, ezta debekuari eusteko interes alderdikoiek eta itxitasunak ere”, esan dute eta elkarrizketarako deia luzatu diete “zintzoki” BK eta GTBri. Begi onez jaso dute azken hauek urritik aurrera egoera berrikusteko asmoa adierazi izana eta prozesu hori hasteko borondatea badago, “gaurdanik” hasteko aukera jarri dute mahai gainean. “Bi hirietan, uste dugu aurtengo jaiak testuinguru oso aproposa direla elkarlanerako oinarriak jartzen hasteko eta aurretik ditugun hilabeteetan elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko bideari ekitera deitzen ditugu bi hirietako eragileak”.