PSOEko buru Pedro Sanchezen aldekoek eztabaidara deitu dute irailaren 30ean, “erabateko haustura saihesteko”. Komite Federalak deituta urriaren 1ean kontrajarritako bi biltzar izatea ekidin eta alderdia bitan banatzen duen gatazkaren zati bat konpondu nahi dute, eldiario-k argitara emandakoaren arabera.
Komite Federalaren bi biltzarretara daude deituta PSOEko kideak urriaren 1ean. Alde batetik, Exekutiba Federalak irailaren 29an eginiko bileran deiturikoa, non zuzendaritza berria aukeratzeko ez-ohiko kongresu baten data zehaztu nahi duten. Sanchezen aurka daudenek ez dute aintzat hartzen deialdia, haien esanetan biltzarra iragarri zenean PSOEko zuzendaritza ez zelako “existitzen”, kideen erdia gehi bat ez baitzeuden bertan.
Beste alde batetik, hautsak harrotu dituen PSOEren 29. Kongresuaren data zehazteko deituriko biltzarra dago. Kritikoek aintzat hartzen dute hau, PSOEko 17 kidek dimisioa eman aurretik iragarria izan zelako.
Alde baten eta bestearen argudioak
Urriaren 1eko Komite Federalaren bileran kongresua deitu nahi du Sanchezek, azarorako. Eta urriaren 23an primarioak izatea nahi du. Hala ere, azaldu dute “adostasunera irekitako proposamena” dela. Aurkariek “baliogabetzat” jo dute zuzendaritzaren proposamena, kideen %51 ez baitzegoen bileran. Sanchezen aldekoek alderdiaren estatutuak exekutibaren araudiaren aurretik daudela iritzi diote, eta horrelako kasuetarako lege hutsuneak daudela uste dute.
Etika eta Berme batzordeak auzian esku-hartzea nahi dute Sanchezen aurkakoek, eta hainbatek horretarako giltza Patxi Lopezek duela uste du. Hala ere, alderdiaren azken egunotako joerari jarraiki, hemen ere banatuta daude alderdikideak.
PSOE honek “min” ematen dio Odon Elorzari
Iritzi artikulua argitaratu du Odon Elorzak eldiario-n. Azaldu du “errudun” sentitzen dela irailaren 3an Komite Federalaren bilera deitzeko proposamenean gehiago tematu ez zelako, orduan bazelako “sakonean eztabaidatzeko” aukera.
“Ziur nago eztabaidak eta hausnarketak barne kohesioa indartzen dutela, desberdintasunen gainetik”, azaldu du Elorzak. “Komunikabideei adierazpenak egiten ziren bitartean agintarien arteko elkarrizketak ekidin ziren”, gaineratu du. Bukatzeko, Donostiako alkate ohiak azaldu du “akatsak eta askonahiak han eta hemen” ikusi dituela, eta ez dela “bando deitu dituztenen lehenengo lerroetan” izango.
Liskarrak El País-en editorialagatik
El País-eko erredakzio batzordeak Antonio Caño zuzendariak idatzitako PSOE salbatu editoriala salatu du. “Kezkarik gabeko burugabetzat” jo du Cañok Sanchez, eta “buruzagi zentzuduna” ez izatea egotzi dio.
Erredakzio batzordeko kideek azaldu dute oso bilera motzean Cañok kexak baztertu dituela, eta ez duela ildo editorialaren inguruko eztabaidarik onartzen. Artikuluaren erantzule bakarra bera dela gaineratu du El País-eko zuzendariak.
Langileek azaldu dute euren helburua ez dela ildo ideologikoaren balorazioa egitea izan, testuan erabilitako irainak salatzea baizik.