argia.eus
INPRIMATU
Elkarrizketak iraun artean, Deustuko Gazte Lokala husteko agindua behin-behinean gelditu du Udalak
  • Bilboko Udaletxean astearten goizean batzartu dira Deustuko Gazte Lokaleko lagunak Asier Abaunza Hiri Plangintzarako zinegotziarekin eta Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun zinegotziarekin.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko irailaren 27a

Gazteek ohar labur batean jakinarazi dutenez, "elkarrizketak iraun bitartean", Deustuko Gazte Lokalaren "desalojoa gelditzeko konpromisoa hartu dute" udal ordezkariak. Gaur bi aldeek izan duten bileraren berri bihar eguerdian emango dute prentsaurrekoan Gazte Lokaleko kideek. 

Udal gobernuak egungo Gazte Lokala eraitsi eta bere lekuan etxebizitzak eta gazteentzako gune bat eraiki nahi ditu. Larunbatera arteko epea, hilak 29, eman die gazteei Udalaren jabetzakoa den espazioa husteko. 

Deustuko Gazte Lokala 1991n okupatu zuten Deustuko Gazte Asanbladako lagunek. Autokudeaketa eta asanblada sistema oinarri dituela 26 urte daramatza zabalik. Erreferentziazko gunea da bai Deustuko bai Bilboaldeko gazteentzat.

Aste honetako jarduerak

Hainbat dira Deustuko Gazte Lokalaren "defentsako" hirugarren aste honetan antolatu diren jarduerak. Asteartean, Bilboko gaztetxe desalojatuen inguruko mahai ingurua egin dute. Asteazkenean, prentsaurrekoa eskainiko dute Gazte Lokaleko lagunek, eta ostiralean manifestazioa egingo dute 19:30ean Done Petri plazatik hasita. 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.