argia.eus
INPRIMATU
Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren itunarekin haserre agertu dira ELA eta LAB
  • Akordioak ahalik eta sektore gehienetan eragin mugatuko itunak sinatzea ahalbidetuko du. Gehiengo sindikala alboratu izana salatu dute sindikatu abertzaleek.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 22a
LABeko Ainhoa Etxaide eta ELAko Txiki Muñoz, iragan ostiralean Angel Toña Enplegu sailburuaren dimisioa eskatzeko egin agerraldian [Argazkia: EiTB]

“Arau demokratikoak arbuiatu dituzte, eta hori grabea da”. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideek lortutako akordioaren inguruan ELA sindikatuko Adolfo Muñozek egindako adierazpenak dira. Bere esanetan, “gobernu batek hauteskunde sindikalen emaitzak onartu behar lituzke”.

CCOO eta UGT sindikatuek Confesbakekin sinatutako itunak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta bazter utzi ditu gehiengo sindikala (%59,20) osatzen duten ELA eta LAB. Akordioaren bidez, ahalik eta sektore gehienetan eragin mugatuko itunak erdietsi ahalko dituzte.

Bi sindikatu sinatzaileen arabera eragin orokorreko itunak egitea “hobea den arren”, inoiz ez diote uko egin patronalarekin bestelako akordioak sinatzeari, ELA eta LABek ez bezala. Euskal Herriko gehiengo sindikalak sekula ez du onartu PPren lan erreforma, eta Confebaskek haren zirrikituak probestu izanak blokeoa ekarri du euskal lan harremanetara.

Hala, blokeoaren korapiloa askatzeko asmoz elkartu dira CCOOk eta UGTk osatutako gutxiengo sindikala (%29,74) eta Confebask. Akordio horretatik sortutako hitzarmenak babesteko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, euskal hitzarmenak blindatzea xede.

Muñozen ustez, “CCOO, UGT eta patronalaren estatalizazio estrategia” dago hitzarmenaren atzean. Horregatik, Angel Toña Enplegu sailburuaren dimisioa eskatu du: “Hau da euskal demokraziari egin dion ekarpena; gehiengo sindikalak gutxiestea”.