argia.eus
INPRIMATU
Elkarrizketa eta parte-hartzerako deia, Joxe Mari Kortaren omenaldian
  • Hamahiru urte bete dira ETAk Joxe Mari Korta Adegiko presidentea zena hil zuela, eta Bidetik fundazioak, urtero legez, omenaldia egin zion atzo Zumaian. Lagun eta senideez gain hainbat ordezkari politiko bildu ziren bertan. Omenaldiaren aurretik, Bidetik elkarteko bozeramaileek ETAk jarduera armatua utzi osteko egoera aztertzen duen dekalogoa aurkeztu zuten.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 09a
Zumaian Joxe Mari Kortari eskainitako omenaldia, atzo. (Argazkia: eitb.com)

Andoitz Kortak (omenduaren semeak), Jesus Alberdik eta Jexux Mari Mujikak irakurri zuten hamar puntuko dokumentua. Haien hitzetan, ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenean “poza, eta aldi berean mina” sentitu zuten. “Euskal Herrian etapa baketsu bat hasteak poztu gintuen, baina ETAk berak eragindako biktimekiko inolako errespeturik agertzen ez zuen adierazpena izan zen”.

Elkarbizitza baketsura heltzeko jarrera egokiak zein behar lukeen ere adierazi zuten Bidetik-eko kideek: “Elkarrizketa eta gizarte zibilaren parte-hartzea ezinbesteko dira, baita biktimena ere. Bakea eraiki nahi duten guztiekin hitz egin behar da, nahiz eta mingarria izan”. Haien aburuz, urratsak ematen hasteko garaia da “interes partidistak, gorrotoa eta mendekua alde batera utzita”. Azaldu zutenez, Bidetik prozesu horretan parte hartzeko prest dago.

Ordezkaritza zabala

Kargu publikoak dituzten politikariak zein alderdien ordezkariak hurbildu ziren Zumaiara atzo. Omenaldian izan ziren Iñaki Agirrezabala Zumaiako alkatea, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, EAJko Markel Olano eta Bakartxo Tejeria, Sortuko Joxean Agirre, EAko Pello Urizar, Aralarreko Rebeka Ubera eta UPyDko Gorka Maneiro, besteak beste.