argia.eus
INPRIMATU
Elkarri egindako bertsioekin ospatuko dute 10 urteko ibilbidea Bidehutseko musikariek
  • Hamar urte bete ditu Bidehutsek eta ospakizun berezia prestatu dute abenduaren 16an Donostiako Intxaurrondo kutur etxean: kontzertu kolektibo bat izango da, Mirailak diskoaren zuzeneko aurkezpena.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko azaroaren 15

Bidehutsen eskutik diskoak argitaratu dituzten musikarien emanaldia iragartzeko kartelean "Gure arteko begirada zeharkakoak" irakur daiteke, hori baita Mirailak lan kolektiboaren espiritua: musikariek elkarri egindako bertsioek osatzen dute.

Intxaurrondoko oholtzan entzun ahal izango dira Anari, Audience, Joseba Irazoki, aspaldian zuzenean aritu ez den Lisabö, Mursego, Nire, Sacco, Jupiter Jon eta Inoren Ero Ni.

Donostia Kulturaren webgunearen bidez eros daitezke sarrerak 10,90 euroko prezioan. Donostiakoa izango da disko honen zuzeneko aurkezpen bakarra.

Lisabö, Inoren Ero Ni, Hotel eta Anari taldeek hasitako proiektua izan zen Bidehuts duela 10 urte. Berehala batu ziren musikari gehiago egitasmora eta hamarkada batean 41 diskoko katalogoa osatu dute.