Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.
Guillaume Kasbarian Frantziako Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan, besteak beste, bilera publiko batean. Kari horretara, etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak: 18:00etan Baionako Elkarteen Etxean. EH Baik eta Aldak bat egin dute elkarretaratzerako deiarekin. Europako hauteskundeen kanpainaren baitan kokaturiko bisita dute.
Frantziako Gobernuak etxebizitzaren alorrean harturiko neurriak salatzeko mobilizazioa izango da. Batetik, iazko udan okupazioen aurka bozkaturiko legearekin "errepresioaren hautua" egin izana deitoratuko dute. Bestetik, etxebizitzaren krisiari erantzuteko bozkatu berri dituen neurriak bakar batzuen mesedera hartu izana salatuko dute: "Etxebizitza egokia eskuratzea lortzen ez duten herritarren beharrei erantzuten ez dion gehiegikeriko liberalismoan sartzen diren neurriak dira, horiek beti ere herritarren zati berdinari probetsu eginez".