argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko hondamenditik urte erdira Sololuze eta Beltran gogoan izan dituzte
  • Zaldibarko zabortegiaren hondamendian desagertutako langileen herrietan kontzentrazio jendetsuak egin dituzte ostegunean, Zaldibar Argitu plataformak deituta. Urte erdiaren ostean, bilaketa-lanetan oraindik ez dute gorpuak aurkitu.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 07a
Zallako elkarretaratzea. Argazkia: Nela de Diego

Ehunka lagunek parte hartu dute ostegunean Zaldibar Argituk Markina-Xemeinen eta Zallan antolatutako bi mobilizazioetan, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak oroitzeko. Duela sei hilabete, Verter Recycling enpresaren zabortegia eraitsi zenean, hondakinen artean lurperatuta geratu ziren bi langileak. Oraindik ez dituzte haien gorpuak aurkitu.

Markina-Xemeingo kontzentrazioa, Alberto Sololuze bizi zen herrian, Goiko Portala plazan izan da. Joaquin Beltran Zallan bizi zen, eta han Euskadi Plazan egin dute elkarretaratzea. “Joaquín eta Alberto gogoan. Zaldibar argitu” leloa aldarrikatu dute, eta loreak eskaini dituzte euren omenez.

Ostegun honetan 6 hilabete bete dira zabortegia jausi zenetik, eta Sololuze eta Beltranen gorpuek luizian desagertuta jarraitzen dute oraindik. Bilaketa operatiboak aurrera darrai, baita prozesu judizialek ere. Bi epaitegitan bideratu dute: bata Durangon, hondakinek lurperatutako bi langileen desagerpena ikertzeko; bestea, berriz, Eibarren, langileen eskubideen eta ingurumenaren aurkako ustezko delituengatik jarritako salaketak ari dira ikertzen.

Ekainaren hasieran, Ertzaintzak txostena bidali zion epaitegi horietako bati, eta instruktoreari jakinarazi zion haren kudeaketan “kriminalitate-zantzuak” zeudela. Duela bi aste, Ertzaintzak Jose Ignacio Barinaga Verter Recycling enpresako jabea eta zabortegia kudeatzen zuen enpresako beste bi goi-kargudun atxilotu zituen. Hurrengo egunean, epailearen aurretik igaro ondoren, behin-behinean aske geratu ziren hirurak, kautelazko neurriekin. Hilean behin epaitegira joan behar dute eta pasaportea kendu diete.