argia.eus
INPRIMATU
Gerraren Aurkako Emakumeen Egunean elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herrian
  • Ostirala, hilak 24, Bakearen eta Desarmearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko egunean, elkarretaratzeak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

2019ko maiatzaren 23a

Ostiral honetan, maiatzak 24, Gerraren aurkako emakumeon nazioarteko eguna dela eta, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta talde feministak eta antimilitaristak antolatuta, elkarretaratzeak egingo dira. Bilbokoak performance ikusgarri eta koloredun itxura izango du, Armiarma talde feminista antimilitaristak jakinarazi duenez.

"Beldurra baliatuta, segurtasun faltsua saltzen digute"

"Badirudi gerra-aurreko egoeran gaudela uneoro. Izan ere, batzuei hori interesatzen zaie: seguru garela saltzea. Baina segurtasun faltsua da; berez, erabateko kontrola da", adierazi du Bilboko Armiarma kolektiboko kide Julene Eigurenek, Mar de fueguitos irratsaioan egindako elkarrizketan (audioan, 12:30 minututik aurrera).

"Gerrak atzerrian sufritzen dituzte, baina gure bankuek finantzatzen dituzte leku horietara bidaltzen diren armak. Europan, jende askok ateratzen dio etekina gerrari. Zerbait sunttsitu ostean, berriro eraiki behar da... Interes asko dago", dio Eigurenek. "Gure gizartea partaide da. Esku ugari daude odolez zikindurik".

Armiarmako kidearen hitzetan, gerra sufritzen duten herritarren %90 zibilak dira, eta horien artean emakumeak eta umeak dira zaurgarrienak. "Ohikoa da emakumeen gorputzen aurka egitea. Sexu indarkeria maiz sufritzen dute. Bortxaketa gerra arma bat da. Gerrak oso maskulinoak dira berez, testosterona hori guztia... 'Guztiak balio du' horretan, emakumea maiz baliatzen da arerioaren ohorea zanpatzeko..."