argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzeak egin dituzte selektibitatearen aurka Hego Euskal Herriko campusetan
  • Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko mekanismoa dela salatu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Bitarteko gutxien dituzten ikasleen heziketa prozesuan oztopo bat gehiago dela azpimarratu dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 09a
Ibaetako (Donostiako) campuseko elkarretaratzea / Argazkia: Ikasle Abertzaleak Ibaetako (Donostiako) campuseko elkarretaratzea / Argazkia: Ikasle Abertzaleak

Selektibitatearen aurkako kontzentrazioak egin dituzte Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta. Hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko mekanismoa dela salatu dute. Lehen mobilizazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zuten, ekainaren 6an, eta gainontzekoak ekainaren 8an.

Ikasle antolakundearen esanetan, hainbat funtzio betetzen ditu selektibitateak: curriculuma inposatzeko mekanismoa da, ikasleen arteko lehiakortasuna eta indibidualismoa areagotzen ditu eta filtro sozialerako bitartekoa da.

Curriculuma inposatzeko mekanismoa dela diote, ikasleak eduki oso zehatz bat forma oso mekanizatuan “lantzera kondenatzen” dituelako. Gainera, azterketak egiteko gaitasuna lehenesten dela salatu dute, norbanakoen erritmoa eta ikasleen beharrak albo batera utzita.

Ikasleen arteko elkartasuna sustatu ordez, lehiakortasuna eta indibidualismoa areagotzen dituela gaineratu dute, emaitzen araberako irtenbideak daudela erakusten baitu.

Azkenik, antolakundearen iritziz, filtro sozialerako bitartekoa da selektibitatea. Bada, kurtsoa aurrera eramateko zailtasunak izan dituzten ikasleak (klase partikularrak ordaintzeko ezintasuna dutenak, esaterako) baldintza kaskarragoetan daude.

Horren aurrean zer?

Unibertsitaterako sarbide unibertsala defendatu dute eta horretarako antolakuntza beharrezkoa dela azpimarratu dute.

https://twitter.com/IAbertzaleak/sthttps://twitter.com/IAbertzaleak/status/1666761331968491522?s=20atus/1666761331968491522?s=20