Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
Egun bakarrean azken urtean Gazan hildako haur kopuru handiena eragin zuen Israelek aurreko asteartean: Hamasekin adostutako su etena hautsi ostean, 500 palestinar hil zituen, horietatik 130 baino gehiago adin txikikoak. Horren aurrean, Gure Haurrak ere Badira' dinamikak "hunkituta" dagoela adierazi du: "Haur eta nerabeen sarraski bortitzaren aurrean bihotza uzkurtuta daukagu. Gure begietatik sortzen diren amorruzko malkoak genozidio hau gelditzeko indar bihurtzea nahi dugu".
Euskal Herriko gurasoek Gazaren aurkako sarraskia geldiarazteko "ahal duten guztia eta gehiago" egin behar dutela azaldu du ekimenak. Hezkuntzako zein gizarte arloko eragile asko batu dira kontzentrazioetara: EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea, Euskal Eskola Publikoaz Harro, Arabako BDS, Gernika Palestina herri ekimena eta LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak.
13.000 haur baino gehiago hilik
Dinamikak "Palestinarekin elkartasuna, genozidioa gelditu!" manifestua plazaratu zuen iazko apirilean. Euro-Med Human Rights Monitorren arabera, une horretara arte 34.000 hil zituen Israelek urriaren 7an Gazaren aurka abiatu zuen erasoaldian –dagoeneko 50.000 baino gehiago hil ditu–, eta gutxienez 13.000 adin txikikoak ziren. Manifestuan salatu zuten Israel "genozidio planifikatua" praktikan jartzen ari zela: "Gazako suntsiketaren neurriak, etxebizitza eta zibilen aurkako eraso orokortuek eta gerra haurren aurkakoa izateak argi erakusten dute".