argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzeetara deitu dute ostiralean Gasteizen eta Donostian, aurrekontu sozialagoak eskatzeko

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko abenduaren 21

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea deitu du abenduaren 22an, 11:30ean Gasteizko Eusko Legebiltzarraren aurrean. Murrizketen aurka eta aurrekontu sozial, parte-hartzaile eta burujabeen alde elkartuko dira. Gehiago sakontzeko, azaroaren 21ean egin zuten ekitaldian ikus daiteke Eskubide Sozialen Kartak eskatzen dituen oinarriak.

Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean ere abenduaren 22an

2018rako aurrekontu sozialagoak eskatuz elkarretaratzea deitu dute, baita ere, Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean, abenduaren 22an, 10:00etan. Hainbat gizarte eragilek egin dute deialdia, Duintasuna elkartea, Kaleratzeak Stop, Lanbidek Kaltetuak,, Korrika Prekarioa, Ekologistak Martxan... baita sindikatuek ere, ELA, LAB, STEEILAS, ESK. Eta hainbat alderdi politikok: Ezker Anitza, EH Bildu, Ahal Dugu, PCE-EPK.

Prentsa oharrean hauxe adierazi dute: "Aurrekontu hauek ez dute lana eratzeko balio, ezta kalitatezko prestazioak bermatzeko ere, argi geratuz pertsona ororen eskubideak bermatzeko dirua badagoela, baina desberdintasunean eta gutxien duten pertsonei zigortzean sakontzen dela, pobrezia eta prekarietatea zabalduz. Osasunaren zama pentsiodunen eta langileen sorbaldengan areagotzen da, aberatsenengan, enpresen errentan eta kapitalarengan leuntzen den bitartean".

Diru xahuketa salatzen dute: "Gutxi batzuk aberasten dituen diru publikoaren desbideratzea obra publikoetarako, zalantzan jarritako proiektuetan, naturarentzat eta gure osasunarentzat txarrak direnak, beharrezkoak ez direnak, xahutzaileak eta guztiona den diru funtsa hustu egiten dutenak. Honen aurrean ezinbestekoa da gizarte eztabaida piztea".

Hauxe da eragile hauek proposatzen dutena: "Aurreko legegintzaldian eman zen inbertsio mailara itzultzea, aurrekontuaren %49,39koa zehazki. (...) Gure ustez ezinbestekoa da pentsioak gutxienez 1080 euro arte igotzea, eta etxebizitza-okupazio eskubideari dagokionez, araudi malguago bat sortzea".