argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea egingo dute Gasteizen Bakearen eta Armagabetzearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean
  • Maiatzaren 24an, igandea, performance bat egingo dute Andra Mari Zuriaren Plazan. Gizartea desmilitarizatzeko eta gastu militarrak gizarte beharrizanetarako-bideratzea eskatuko dute.

Hala Bedi @halabedi 2020ko maiatzaren 23a

«Emakumeek gerraren aurka egindako borroka eta lorpenak eta gerrei aurre egiten jarraitzen duten milaka emakumeren lana» gogora ekarriko dituzte maiatzaren 24an, Bakearen eta Armagabetzearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko egunean. Emakumeok Gerraren Aurka taldeak eta Armiarma Talde Feminista Antimilitaristak elkarretaratzea deitu dute 12:30etarako Andra Mari Zuriaren Plazan. Sorginenea, ONEKA eta Bilgune Feminista ere deialdira batu dira.

Covid-19ak sortutako osasun krisiak «gizarte-eredua birpentsatzeko premia atzeraezina» agerian utzi duela azaldu dute ekimenaren deitzaileek: «Botereak egoerari heltzeko moduak gizartearen militarizazioren arriskuaz ohartarazi gaitu, kaleetan eta komunikabideetan presentzia militarraren areagotzea ikusita». Ejerzitoak «konponbidearen parte direla sinestarazi nahi izana» gogor salatu dute.

Gaur egungo testuinguruan nagusitzen ari diren «militarizazioak, beldurrak, baliabide faltak eta murrizketek» gogor kolpatzen dituzte kolektibo behartsuenen, emakumeen eta gerratik ihes egin duten pertsonen bizitzak. Horren aurrean «gizartea desmilitarizatzeko deia» egin dute, gastu militarrak kenduz eta zebitzu publikoetan eta pertsonen ongizatean inbertituz. Ekimenaren deitzaileek ere premiazkotzat jo dute Euskal Herrian pisu handiaduen armagintza industria erabilera zibilerako ekoizpen bihurtzea.