Magna meatze enpresak Erdizko lurren ia ehun hektarea okupatu nahi ditu. Baztango hamalau herritan proiektuari buruz galdeketak antolatu dituzte azaroaren 20rako, baina joan den ostegunean Espainiako Gobernuak debekatu egin ditu herri kontsultak, hirugarren aldiz. Baztango herritarrek elkarretaratzea egingo dute asteartean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Baztango herritarrek astearterako “elkarretaratze masiborako” deia zabaldu dute Erdizko lurrak meatzaritzarako okupatzearen inguruan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Magna meatze enpresak ia ehun hektarea bereganatu nahi ditu, eta azaroaren 20an Baztango hamalau herritan galdeketak egitekoak dira okupazioari buruzko herritarren iritzia ezagutzeko. Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkaritzak debekatu egin ditu herri-kontsultak, aurten hirugarrena ldiz.
Baztango hamalau herritako alkateek, guztiak Almandozekoak izan ezik, herri galdeketak iragarri zituzten pasa den urriaren 24an. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak, ordea, legez kanpokotzat jo ditu ostegunean, eta astelehenera arteko epea eman die alkateei herri galdeketak bertan behera uzteko. Elizondoko Guardia Zibilaren kuartelean eman zieten debekuaren berri, EH Bilduk salatu zuenez. Astelehen goizean bertan dira biltzekoak hamalau alkateak erantzuna emateko.
Bestetik, herritarrek elkarretaratzea egingo dute asteartean 19:30ean Irurita herriko frontoian, Baztango lurren harira erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Herri galdeketak eginen dira lelopean egingo dute protesta, Erran.eus hedabideak jaso duenez.
Magna (Magnesitas de Navarra) meatzaritza enpresak Erdizko ia ehun hektarea okupatu nahi ditu. Baztango udalerriek badute haien lurrak kudeatzeko ordenantzarik, baina aurtengo otsailean Magnak proiektua UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan gisa aurkeztu zuen, eta horrek Baztango Udalen eskumenak galtzea dakar. Nafarroako Parlamentuari eskatu diote UGEPa onartu baino lehen herritarren iritzia entzuteko. Aurten hiru aldiz saiatu dira herri galdeketak egiten, baina hiruetan jaso dute Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzaren debekua.