argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea eginen dute Laudion, hizkuntza eskakizunei buruzko epaia salatzeko
  • Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitu dute elkarretaratzera, administrazioko hizkuntza eskakizunen afera batean Laudioko Udalak jasotako kontrako epaia salatzeko. Oroit gara bitarteko funtzionario batek udaleko lanpostua galdu zuela 2020an, hirugarren hizkuntza eskakizuna behar zelako eta 2014an hasi zenetik soilik lehena lortu zuelako; epaile batek, ordea, ebatzi du berriz hartu beharko dutela langilea, ez delako euskararen zailtasun maila kontuan hartu.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 03a

Laudioko Udalak "diskriminatu" zuen bitarteko funtzionarioa eta ez zuen kontuan hartu euskararen zailtasun maila –"munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena"–. Epaiak eragindako haserrea plazaratuko dute larunbatean herriko plazan. "Eragile sozial eta politiko guztiei" bertan parte hartzeko eskatu diete Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak.

Oroit gara bitarteko funtzionario batek udaleko lanpostua galdu zuela 2020an, hirugarren hizkuntza eskakizuna behar zelako eta 2014an hasi zenetik soilik lehena lortu zuelako. Laudioko Udalak helegitea jarriko dio epaiari.

Auzitegien "oldarraldia"

Hizkuntza politikan 2021ean gertatutakoari buruzko irakurketa aurkeztu zuen otsailaren 2an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon. "Botere judizialaren oldarraldiak" salatzeko unea izan zen, adibideen artean Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea edukiz hustu izana gogoraraziz. Halakoen aitzinean, "batasunez" erantzutera eta "hizkuntza politikak blindatzera" deitu du Paul Bilbaok.

Erasoak, baina parean erantzuna. Horrelakoa izan da 2021 urtea Kontseiluaren arabera: eskubide urraketak, bidegabekeriak, atzerapausoak, baina, aldi berean, "herri grina", mobilizazio indartsuak eta egitasmo berriak.