argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea eginen dute gaur Donibane Garazin, izandako bortxaketak salatzeko
  • Donibane Garaziko herritar talde batek finkatu du hitzordua, "Eraso sexistarik ez, aski da!" lemapean. Martxoaren 8ari begira osaturiko Ipar Euskal Herriko asanblada feministak eta Bagera kolektibo feministak ere deitzen dute mobilizaziora. Navarre lizeoan izandako bortxaketak salatzeko eta jendarte patriarkalaren bukaera exijitzeko unea izanen da.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 11
Baionako Etxepare lizeoko gazteen elkarretaratzea

Bortxaketa salaketa jarri duten Navarre lizeoko neskei elkartasuna erakutsiko zaie astiri honetan, 19:00etan Donibane Garaziko herriko etxe aitzinetik. Bertako herritar talde batek finkatu du hitzordua eta bertaratzeko deia luzatu dute ere martxoaren 8ari begira osaturiko Ipar Euskal Herriko asanblada feministak eta Bagera kolektibo feministak.

Joan den astean jakin zen salaketa jarria dutela Donibane Garaziko lizeo horretan dabiltzan adin ttikiko bi neskek, jasandako talde bortxaketaren harira. Herri horretako jendarmeria ari da kasua aztertzen.

Bortxaketa kulturarekin bukatzeko

Jendarte heteropatriarkalak bideratu bortxaketa kultura salatzeko helburuz egin du bertaratzeko deia martxoaren 8a antolatzeko biltzen den Ipar Euskal Herriko asanblada feministak: "Genero-sexu sistemak manera desberdinetan zapaltzen gaitu, haietako bat dugu bortxaketa kulturaren mantentzea eta sustapena. Sistema hau errotik iraultzeko, bortxaketa kulturarekin behin betiko bukatzeko, funtsezkoa zaigu borroka feministaren baitan antolatzea". Elkartasun eta sostengu osoa bideratu die asanbladak bortxaturiko emakume gazteei. Hezkuntza feminista baten beharra ere aldarrikatzen du asanbladak: "Hezkuntza eta hortik mentalitateak feminismotik aitzinarazi behar ditugu, bortxaketa zerrenda luzeegiarekin bukatzeko".

Irakurketa horrekin bat egin du Hendaiako Bagera kolektibo feministak.