argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea egin dute Uliazpiko langileek, epai euskarafoboaren aurka
  • 34 zaintzaile publikori oposizioetan euskara eskatzea legez kanpokotzat jo izana salatu dute. LABek azpimarratu du lanpostu horietan "are larriagoa" dela hizkuntza eskubidea urratzea.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 02a
Uliazpi Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Donostian. (Argazkia: LAB)

Elkarretaratzea egin dute Uliazpi Fundazioko langileek, aste honetako epai euskarafoboaren aurka, Donostiako Jose Maria Sert plazan. LABek eta ELAk egin dute mobilizazio deialdia, eta salatu dute epai berriak hizkuntza eskubideak zapaltzen dituela.

34 zaintzaile publikori oposizioetan euskara eskatzea legez kanpokotzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiak. Argudiatu du hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidea kaltetzen duela. Euskara eskatzea zilegi zela ebatzi zuen iaz Donostiako epaitegiak, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du ebazpena aste honetan. 

"Euskararen aurkako azken eraso judiziala herritarron kontrako beste eskubide urraketa bat" dela salatu du LABek. Azpimarratu du lanpostu horien izaerak are larriago egiten duela erasoa. Alde batetik, zerbitzua jasotzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen arteko harremanak "estua" izatea eskatzen duelako, eta horretan hizkuntzak "berebiziko garrantzia" duelako. Eta, bestetik, langileen artean ere euskaraz komunikatzeko eskubidea zapaltzen duelako euskal administrazioan.