argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea egin dute PSE-EEren Gasteizko egoitzan Mendebaldeko Sahararen alde
  • Gobernuari exijitu diote alda dezala Mendebaldeko Sahararekiko duen posizionamendua.

Hala Bedi @halabedi 2022ko maiatzaren 16a
Argazkia: Hala Bedi.

Joan den martxoaren 18an, espainiar Estatuko presidente Pedro Sanchezek Mohamed VI.a marokoar erregeari zuzendutako gutun bat argitaratu zuen Marokok. Gutun horretan Espainiako presidenteak bere babesa ematen zion Mendebaldeko Sahararako autonomia proiektuari; gatazka konpontzeko “oinarri serioena, sinesgarriena eta errealistena” dela adierazi zuen. Horrela, Espainiako Gobernuak bat egin zuen Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Ezohiko jarrera da, aurreko gobernu batek inoiz adierazi ez duena, Arabako SEADen Lagunen Elkartearen arabera.

Elkarrtearen arabera, Espainia Sahararen potentzia administratzailea da eta halako jarrera aldaketa Nazio Batuen ebazpenen aurkakoa da; izan ere, Nazio Batuek ebatzi dute Saharako Herriak «erabaki dezala askatasunez bere etorkizuna Autodeterminazio erreferendumaren bitartez». Nazioarteko Zuzenbidea urratzeaz gain, gutunean erabilitako argudioekin Espainiako Estatuak bere koloniarekin dituen erantzukizunak alde batera uzten dituela uste dute Sahararen aldeko eragileek.

«Pedro Sanchezen jarrera bere alderdiaren gehiengoak babestu du; horregatik egiten diegu mobilizaziorako deia Arabako herritarrei, Alderdi Sozialistari exijitzeko berrazter dezala traizio historiko horri emandako babesa», esan dute. Elkarretaratzeak egingo dira beste euskal hiriburuetan ere, txandaka, helburu horrekin.

Hala Bediren webgunean argazki gehiago.