Aske antolakundeak Gasteizen muntaia poliziala eta "intoxikazio kanpaina" salatu ditu, adieraziz zerbitzuz kanpo zegoen ertzain baten aurkako erasoa "bere probokazioen ondorioz izandako ika-mika batean" gertatu zela, eta atxilotutako pertsonek ez zeukatela berari buruzko informazio gehiagorik. EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin udal taldeek "gaitzespenik irmoena" adierazi dute gertakarien aurrean. EH Bilduk "eraso mota guztiak" gaitzesteaz gain, gertaerak argitzeko zain daudela adierazi du. Ertzaintzak gerora, pertsona bat kolpatzeaz gain, atxiloaldian zirela Espainiako ereserkia jarri ziela salatu dute.
Aske antolakundeak deituta mobilizazioa egin dute asteartean Gasteizko Alde Zaharrean, lanetik kanpo zegoen ertzain bat jipoitzea egotzita atxilotutako hiru gazteei elkartasuna adierazteko. Atxilotuek 21, 22 eta 25 urte dituzte eta borroka Aiztogile kalean izan zen, Santiago Egunaren bezperako ospakizunetan. Hiru atxilotuak aske geratu dira, nahiz eta ez diren epailearen aurretik pasa eta oraingoz ez diete inongo kargurik leporatu. Jardun koordinadoraren parte da errepresioaren aurkako Aske antolakundea.
"Euskal Herria jazartzen duten politikariek eta jazarpen hau betikotzeko egunero lanean diharduten morroiek azkar zabaldu dute jazotakoaren inguruko beren bertsioa. Gertakariak eragin zituen probokatzailearen zipaio izaera azpimarratu eta tabernako ika-mikaren motibaziotzat hori jo zuten, era faltsuan, ezohikoa zen gertakaria magnifikatu eta desitxuratuz, bere larritasuna eta oihartzuna handitze eta etekin politikoa ateratze aldera", salatu dute.
Mutrikuko jaietan jazotakoaren testuinguruan kokatu dute gertaera. Gipuzkoako herrian, jaietako herri bazkarian ertzain bati ez zioten parte hartzen utzi eta horren harira Eusko Jaurlaritzako ordezkari politikoak ezker abertzalearen aurka gogor mintzatzen ari dira. Gaiari garrantzi mediatiko handia eman diote, eta adibidez, El Diario Vasco egunkariak lerroburu nagusi bilakatu zituen larunbatean Erkorekaren hitz hauek: "Ezker abertzaleak exijenteagoa izan behar du Mutrikuko ertzainaren boikotaren gisako kasuetan".
Gasteizko EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin udal taldeek "gaitzespenik irmoena" adierazi dute gertakarien aurrean. EH Bilduk "eraso mota guztiak" gaitzesteaz gain, gertaerak argitzeko zain daudela adierazi du.
Zerbitzuz kanpo zegoen agenteak salatu zuen ukabilkada eman ziotela eta "zipaio, zer ari zara kale honetan?" oihu egin ziotela. Aske antolakundeak zabaldutako oharrean adierazi du Ertzaintzak atxilotuetako bat kolpatu egin zutela poliziek autora zeramatela. Gainera, atxiloketa aldian argiak piztuta izatera behartu zituzten gazteak eta ziegako atean kolpeak jotzen zizkieten lorik hartu ez zezaten. Espainiako ereserkia entzutera ere behartu zituzten. "Euskal Herri Langilea jazartzeko biolentzia edo mehatxua darabiltenen profesioa zuritzeaz ez ezik, biktimatzat saldu nahi dizkigute". Adierazi dute ez dela lehen aldia Euskal Herrian taberna giroan gertatutako iskanbila bat puzten dela, "polizia izateagatik gertatu denaren aitzakiapean".
Mobilizazioan "elkartasun eta babes osoa" adierazi diete atxilotutako hiru pertsonei, "gertakariak manipulatzen" ari diren politikarien jarrera salatu dute.
"Espainiako Gobernua eta bere morroia den gobernu autonomikoa polizia indar zipaioak zilegiztatzeko eta normalizaziorako kanpaina burutzen ari dira . Ildo horretatik, errepresioaren aurkako antolakundetik Euskal Herri Langileak jazarpenari aurre egiteko duen bide bakarra antolakuntza da", adierazi dute.