argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko jaietan izandako bi bortxaketak salatu dituzte
  • Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 09a
Argazkia: Arabako Alea

Gasteizko jaietan, asteartean eta asteazkenean, bi emakume bortxatu dituztela salatu du mugimendu feministak. Bi kasu horietaz gain Gasteizko Mugimendu Feministak (GMF) beste sei erasoren salaketa zuzena jaso du. Ostegunean elkarretaratzea egin dute erasoak sufritu dituzten emakumeei babesa adierazi eta erasoak gaitzesteko. Gasteizko Udalak, berriz, ostiralean 11:00etan egin du elkarretaratzea Plaza Berrian.

Bi emakumek sexu erasoak salatu dituztela baieztatu du Lakuako Segurtasun Sailak. Momentuz ez dago atxiloturik, baina Ertzaintzak jakinarazi du kasuak ikertzen ari dela. Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu asteazken honetan. 24 urteko gazte bat adingabe bati ukituak egiteagatik, eta 33 urteko beste gizon bat bere bikotekidea kolpatzeagatik.

Gasteizko Udalak ohar batean adierazi du “gogor gaitzetsi eta arbuiatzen” dituela jazotako sexu-erasoak, eta gaineratu du beraien esku dauden “baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak” emakumeen esku jarri dituztela. Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioarekin bat egiten duela azpimarratu du.