argia.eus
INPRIMATU
Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute
  • 30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 30
Elkarretaratzea egin dute Aralar enpresaren atarian, ostiralean, 11:00etan. Argazkia: LAB

Amezketako Aralar paper fabrikan istripua izan zuen 30 urteko langilea hil egin da. Ostegunean, 14:00etan 24 orduko lanuztea hasi zuten paper fabrikako langileek. Elkarretaratzea egin dute Amezketako enpresa atarian, ostiralean, 11:00etan.

Ibarra Argi Lanak azpikontratutako enpresako langilea zen. Enpresa hori mantentze lanak egiten ari zen Aralarren. Enpresa batzordeak salatu du, “azpikontratatutako enpresak baliatzen dituzten konpainietan ez dituzte prebentzio plan egokiak egiten”. Azpikontratak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari dagokio, kasu honetan Aralarri, gremioen arteko “koordinazioa eta segurtasuna bermatzea”.

Enpresa batzordeak gogor egin du egungo enpresen filosofiaren aurka. “Produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituzte segurtasuna eta osasuna erabat ahaztuta”. Gaineratu du “administrazioen axolagabekeriak” ondorio konponezinak dituela langileriarentzat.

LABek salatu du "prekarietateak eta lan baldintza eskasek" 38 heriotza eragin dituztela 2024an.