argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea deitu dute Gasteizen, Israelek Eurovision antolatuz egin nahi duen “zuriketa” salatzeko
  • Maiatzaren 15ean egingo dute kontzentrazioa, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, 19:30ean, Israel arrosaz margotuta ere, apartheida apartheida da lemapean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko maiatzaren 14a
Palestinaren alde iaz egindako kontzentrazioa. Argazkia: ALEA
Eurovision jaialdiko aurtengo edizioa antolatuz, Israelek nazioartean bere irudia "zuritu" nahi duela salatu dute Gasteizko E28 koordinakundeak eta BDZ taldeak. Gogoratu dutenez, maiatzaren 18an egingo da musika jaialdia, hain zuzen Israelgo Estatua aldarrikatu zutenetik 71. urteurrenaren ondorengo egunetan, eta palestinarrek ospatzen duten Nakba edo Hondamendiaren Egunaren inguruan. "LGTBQ mugimenduaren aldarrikapenekiko ustezko begirunea erakutsiz, herrialde demokratiko eta aurrerakoi moduan agertu nahi du, munduaren begien aurrean, Israelek, eta bere sarraskiak eta gerra krimenak zuritu", nabarmendu dute. 
Gauzak horrela, maiatzaren 15ean mobilizaziora deitu dute bi taldeek, Israel arrosaz margotuta ere, apartheida apartheida da lemapean. 19:30ean izango da kontzentrazioa, Andra Maria Zuriaren plazan.

Israelen erasoa

E28 koordinakundeak eta BDZ taldeak gogoratu dutenez, palestinarrek Hondamendiaren Eguna ospatzen dute maiatzaren 15ean, orduan hasi baitzen "bertako populazio palestinarraren garbiketa etnikoa". Aurtengoan, gainera, testuinguru lazgarrian joango da eguna, maiatzaren lehen asteburuan, Israelgo armadak Gaza erasotu baitzuen, eta 29 palestinar hil zituen erasoaldi horretan. Halaber, egindako bonbardaketek argazki lazgarria utzi zuten Gazan: dozenaka etxebizitza, hainbat bulego eta meskita bat erabat suntsituta geratu ziren, eta laurehun bat eraikinetan kalte handiak eragin zituzten bonbek. "Eta guzti hori zuritzeko inoizko propaganda ekitaldirik handiena antolatu dute Nakbaren ondorengo egunetarako: Eurovision jaialdia", salatu dute taldeek.
 
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du, eta CC-by-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra