argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea deitu dute Durangon, greba egunean Ertzaintzaren partetik pairatutako hizkuntz eskubide urraketa salatzeko
  • Asteazkenean deitu du elkarretaratzea Euskal Herrian Euskarazek. Iragan osteguneko greba egunean Ertzaintzak herritar baten hizkuntz eskubidea urratu izana salatuko dute.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 04a

“Euskaldunoi erasorik ez! Hizkuntza eskubideak errespetatu” lelopean egingo dute elkarretaratzea asteazkenean Durangon, 19:30ean ertzain-etxearen parean. Euskal Herrian Euskaraz elkarteak deitu du mobilizazioa, urtarrilaren 30eko greba egunean Ertzaintzak grebalari bati hizkuntz eskubidea urratu ziola salatzeko. Bide batez, administrazioa euskalduntzea ere eskatuko dute.

Kaltetutako grebalariak berak, greba egunaren biharamunean, grebalariei "eskubide zibil eta linguistikoak urratu” zitzaizkiela salatu zuen sare sozialen bidez. Twitter bidezko hari batean azaldu zuen bezperan jazotakoaren berri. Hark adierazitakoaren arabera, grebalari talde bat piketean ari zirela, istiluen kontrako ertzainak hurbildu zitzaizkien, eta geldi egotera behartu zituzten. Grebalariak geldi zirela, poliziek beraiengana jo zuten “korrika eta kolpeka”, eta hainbat pertsona kolpatu eta bat identifikatu zuten. Kolpatu zuen ertzaina ezagutu uste izan zuenean, emandako kolpea aurpegiratu zion, eta ertzainak berriz hasi zitzaizkion kolpeka. Orduan, agente batek zokoratu egin zuen eta identifikatzeko eskatu zion, eta orduan jazo zen hizkuntz eskubide urraketa.

Ertzainak gazteleraz eskatu zion identifikatzeko grebalariari, eta honek euskaraz egiteko eskatu zion, nahiz eta adierazi duen ertzaina ez zela euskaraz aritzeko gai. Poliziaren lankideak identifikazioaren zergatiaz galdetu zionean, grebalariak mehatxu egin ziola adierazi zion, kaltetuaren arabera. “Euskaraz hitz egite soila (edozer esanda ere) mehatxua da gure herrian, euskaraz jakin ez eta ikasteko asmorik ez duenarentzat bereziki”, adierazi du.

Agintaritzari desmen egiteagatik espedientea zabalduko ziotela jakinarazi zioten ertzainek.

“Eskubide zibil eta linguistikoak urratu zitzaizkigun, beste behin ere zapaldua zapaltzaile irudikatuz. Zigorrak zigor, jakin dezatela langile euskaldunon eskubideak urratzen dituzten poliziei, agintariei zein legeei men ez egiten segituko dudala”, adierazi du grebalariak.