argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea Baionako espainiar kontsulatuan, Aranalderen atxiloketa salatzeko
  • Ni Ere Banoa kolektiboak deituta eta “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” lelopean, 50 lagun inguru bildu ziren astelehenean Espainiako kontsulatuaren aurrean, Baionan.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2014ko uztailaren 22a
Elkarretaratzea Espainiako kontsulatuaren aurrean, Baionan. Argazkia: Sylvain Senristo (Kazeta.info). Sylvain Senristo (Kazeta.info).

Bake Bidea, CFDT, LAB, NPA, Giza Eskubideen Liga, Sortu eta EAko ordezkariak ziren, besteak beste, horien artean. Jokin Aranalde EIPK-ko bozeramalearen atxiloketa salatzea eta bake prozesuaren aldeko deia egitea izan zuten helburu nagusi.

Ni Ere Banoa kolektiboak Mariano Rajoyri zuzendutako gutun bat utzi zuen Espainiako kontsulatuan, zeinaren bidez konponbiderako pausoak ematea eskatzen zaion Espainiako presidenteari. François Hollanderentzat ere izan zen agiririk, beronentzat Baionako suprefeturan utzita. Jokin Aranalderen afera judiziala dela argudiatu diote Frantziako Errepublikako presidenteari idatzian.

Uztailaren 16an atxilotua

Jokin Aranalde (Ibarra, 1946) iheslari politikoa uztailaren 16an atxilotu zuten medikuarenetik Baionarantz zihoanean. Baita berehala Espainiara eraman ere, Fernando Andreu epailearen aginduz, ETAri laguntzea leporatzen zaiolako.

Ni Ere Banoa kolektiboak bi arrazoi nagusi eman ditu Jokin Aranalderen askatasuna aldarrikatzeko. Batetik, atxilotua Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko bozeramailea izatea, eta bestetik, bake prozesuaren eragile garrantzitsua izanik, bere parte-hartzea garrantzitsua izatea. Haren osasun egoera ere nabarmendu zuen Anaiz Funosas Bake Bideako kideak, “duela gutxi ebakuntza egin zaiolako, eta badakigulako zer trataera izaten duten eriek presondegietan, bereziki Espainiakoetan”.

Paueko Auzitegiak 2013ko irailaren 25ean jarri zuen indarrean Aranalderen aurkako euroagindua, aurrez bizi izandako torturak bertan salatu zituen arren. 2013ko urrian,  Aranalderen abokatuen helegitea atzera bota eta Espainiaratzea onartu zuen Parisko Kasazio Gorteak.