argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea deitu dute ostiralean Baionako epaitegian, hiru gazteren epaiketa salatzeko
  • Baionako epaitegiaren aitzinean manifestatzera deitu dute EH Bai alderdiak eta Aitzina mugimenduak ekainaren 30ean. "Egunez egun, euskal gizartearen aurkako kriminalizazioak ugarituz" doazela argudiatu dute.

ARGIA @argia 2016ko ekainaren 29a
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea. Argazkia: Isabelle Miquelestorena.

Elkarretaratzea Baionako epaitegian izanen da, ekainaren 30ean, ostiralez, 13:45etan. Izan ere, hiru gazte epaituko dituzte bertan. Atxiloketa horietako bi iazko urtarrilean izan ziren hainbat atxiloketekin lotuta daude. Gazte haiek, Ortzaize herrian atxilotu zituzten bi iheslarien aldeko pintaketak egitea egotzita atxilotu zituen poliziak. Hirugarren auzipetua iheslarien atxiloketan izandako liskarretan atxilotua izan zen.

Ezker abertzaleko bi erakunde hauek "Frantziako Estatuak errepresioaren politika aplikatzen segitzen" duela, salatu dute. Beren aburuz, atxiloketek eta epaiketek iraganeko jokamoldeak izan beharko lukete. Gertakari hauek guztiak Euskal Herriaren testuinguru politikoan kokatzea eskatzen diote frantses gobernuari.

EH Bilduren eta Aitzinaren hitzetan “azken urte hauetan, konponbide prozesuaren aldeko urratsak egiten direnean, gizartearen gehiengo zabal batek konponbide prozesuak aitzina egin dezan aldarrikatzen duenean, bide errepresiboari lotuak diren atxiloketa zein epaiketek ez dute lekurik izan behar".