argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratze jendetsua egin dute Azpeitian, inauterietan jazotako bi sexu erasoak salatzeko
  • Gizonezko bat atxilotu dute, ustez bi sexu erasoen egile delakoan. Igandean izan ziren gertakariak.

ARGIA @argia 2024ko otsailaren 13a
Jendetza bildu zen Azpeitian, indarkeria matxista salatzeko. (Argazkia: ARGIA CC BY SA)

Udalak deituta, ehunka herritar Azpeitiko plazan elkartu dira astelehen iluntzean, igandean jazotako bi sexu erasoak salatzeko. Uztarria-ko Aitziber Arzallusek jaso duenez, Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen zioen pankartaren atzean jarrita, indarkeria matxistari erabateko gaitzespena adierazi diote han bildutakoek, eta Nagore Alkorta alkatea izan da kioskora igo eta hitza hartu duena. Biktimei babesa adierazteaz gain, horrelako gertakariek lekurik ez dutela esan du: "Erasotzaileei argi eta garbi azaldu behar diegu, guztion artean, mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena".

Inauterietako jaien testuinguruan gertatu dira aipaturiko sexu erasoak, igandean, Azpeitiko Elegante Egunean. Astelehen eguerdian jakin zen bi sexu erasoen inguruko salaketak jarri zirela; horietako bat, emakume bat bortxatu zutelako. Indarkeria matxista kasu horiek jakin bezain pronto, udalak festetako egitaraua bertan behera uztea erabaki zuen. Asteartera arteko egitaraua prestaturik zuten.