argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratze jendetsua egin dute Amurrioko jaietan jazotako eraso matxistak salatzeko
  • Jendetza elkartu da Amurrioko Juan Urrutia plazan, herriko eragile feministek deituta, txupinazo egunean jazotako erasoak salatzeko. Trot-Art kuadrillak, bere aldetik, festen testuinguruan jazotako irain eta komentario homofoboak salatu ditu elkarretaratzean.

Aiaraldea @aiaraldea 2023ko abuztuaren 16a

Elkarretaratzea deitu dute Amurrioko Mugimendu Feministak, Emakumeon* Sareak eta Otsemeak Neska* gazte taldeak gaur arratsaldean Juan Urrutia plazan, festen testuinguruan gertatutako eraso matxistak salatzeko. Ehunka herritar batu dira gaitzezpen mobilizaziora.

Eragile feministek azaldu dutenez, txupinazo egunean -abuztuaren 12an- jazotako bi eraso matxistaren berri izan dute. "Erasotzaileak gure artean bizi diren heinean, denon ardura da horiei aurre egitea eta salatzea. Horregatik, jaietako eragile guztiak izan behar dira honetarako agente eta jaiak leku seguru, gozagarri eta askeak direlaren bermea", adierazi dute elkarretaratzean irakurritako manifestuan.

Eraso hauen aurrean "makurturik" geldituko ez direla aldarrikatu dute hiru eragileek. "Argi daukagu ez garela besoak gurutzatuta geratuko, emakumeok ahaldundu eta indarrak batuko ditugu, sistema heteropatriarkal honek erreproduzitzen dituen indarkeri sexista hauek eten arte". Azkenik "elkartasun eta babes guztia" helarazi diete azken egunetan "biolentzia matxistaren muturreko adierazpenak" bizi izan dituztenei.

Tort-Art kuadrillaren salaketa

Bestalde, Amurrioko Trot-Art kuadrillak jaien testuinguruan jazotako irain eta komentario homofoboak salatu ditu arratsaldeko elkarretaratzean. "Guztiontzako tokia izango duten jaiak" aldarrikatu dituzte, eta homofobiaren aurrean "zero tolerantzia" izatea eskatu: "Norberaren orientazio sexuala ez beste inoren inkunbentzia, eta are gutxiago irainerako kontua. Espero dugu jarrera hauek gehiago ez errepikatzea".